OkupaTU Gasteiz, herri mugimenduen lana "aldarrikatu eta ospatzeko"

Erredakzioa 2018ko ira. 6a, 12:30

OkupaTU Gasteiz jaialdiaren aurkezpena, Aihotz plazan. /Okupatu Gasteiz

Belaunaldi ezberdinei "ateak parez pare ireki" nahi dizkiete urriaren 6an; mahai-inguru eta tailerrak, herri bazkaria, jolasak eta kontzertuak izango dira.

Hala Bedik 35 urte bete zituen Gasteizko jaietan, Gaztetxeak 30 San Prudentzion, Auzolanak 10 uda hasieran eta ​Errekaleor okupatu zenetik 5urte bete dira orain dela hiru egun eskas. Herri mugimendutik jaiotako ekinaldi horiek "aldarrikatu eta ospatzeko" deia egin dute 20 bat eragilek: urriaren 6an OkupaTU Gasteiz.

Urte guzti hauetan zehar, kontzertuak, tailerrak, hitzaldiak, partiduak, emisio bereziak eta bestelakoak izan dituztela gpgoratu dute jaialdiaren sustatzaileek, baina "desalojo edo txapeo mehatxuak" ere izan dira. "Azken adibidea, Errekaleor bera edo Auzolana pilotalekua izan dira. Urriaren 6a ere, proiektu hauek bizi-bizirik daudela aldarrikatzeko eguna izango da eta horrelako mehatxu bat jasanez gero guztiok aurrean izango gaituztela abisatzeko aukera", adierazi du jaialdiaren aurkezpenean Xabi Martinez Mendiak. Urte asko bete dituzte lau eragileen artean, baina etorkizunera begirako egun bat izatea nahi dute: "Belaunaldi ezberdinei ateak parez pare irekiko dien eguna".

Urriaren 6rako prestatutakoen artean, goizean zehar hainbat ekimen izango dira: herri azoka osatuko dute Kutxi kalean, ​umeentzako gunea egongo da Etxanobe plazan, Rafa plazan mahainguruak eta tailerrak, eta jolas okupak Buruileriasen. Ekintza guztiak 13:30ean geldituko dira, Mobiduki izeneko ekitaldi nagusirako. Eta bazkaria izango da ostean, ekitaldi nagusietako bat; eragile hauen barruan, pasadaz edo kanpoan egon diren belaunaldi ezberdinak herritar guztiekin biltzeko helburua dute.

Gauean jai giroa iznago da. Gaztetxean artista lokalek protagonismoa izango dute, eta Aihotz plazan hiru kontzertu izango dira: TrikomaCarrocerias Betoño eta ​Zea Mays​.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago