Fruta-arbolak landatzeko 30.000 euroko diru-laguntza emango du Aldundiak

Erredakzioa 2018ko ira. 4a, 12:46

Sagarraren produkzioa sustatu nahi du Aldundiak. PHOT.OK

Bereziki sagarrondoa bultzatu nahi dute.

30.000 euroko diru-laguntza zuzenduko die Arabako Aldundiak fruta-arbolak landatzen dituzten herrialdeko nekazariei. 18 eta 65 urte bitartean badituzte eska dezakete laguntza, eta horrez gainera, formazioa eta lan esperientzia egiaztatu behar dituzte fruta-arbolen landaketan. Frutikulturak zer aukerak dituen sakon jakiteko, Arabako Foru Aldundiak azterlan bat egin du. Horretan aztertu dute batik bat zer egoeratan dagoen orain sagarraren laborantza Araban, eta horrek balio izan du fruta-arbola hori datozen urteetan sustatzeko estrategia bat diseinatzeko.

Aldundiaren arabera, Arabako dibertsitate klimatikoak eta aldeko orografiak hainbat fruta-arbolen landaketa ahalbidetzen dute, bereziki sagarrondoarena: "Gure lurraldean antzina-antzinatik dagoen labore tradizionala da, eta berriki eratu da Euskal Sagardoa Euskal Herriko sagardo naturalaren jatorri deitura babestua, eta horrek aukera ematen du sagarrondoaren laborantza garatzeko eta haren ekoizpenari loturiko jarduera eraldatzailea sustatzeko". Araban sagardotarako sagarrondoak landatzeak sagardogintza sektorearen "premia larriari" erantzun diezaiokeela uste du Aldundiak.

Halaber, intxaurrondoa edo olibondoa bezalako laboreak ere interesgarriak izan daitezkeela adierazi du Aldundiak, "laguntzen dutelako nekazaritza jarduera dibertsifikatzen eta mantentzen, tokian tokiko barietateak edo nekazaritza dibertsitatea kontserbatzen eta hobetzen, eta paisaia kontserbatzen".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago