Ekinaren ekinez, lehen garaipena lortu du Alavesek

Erredakzioa 2018ko ira. 3a, 10:46
Emaitza ezin hobea izan da, hiru puntuak etxean geratu dira eta. / Alaves

Hiru puntu oso baliotsu eskuratu ditu Alavesek Espanyolen aurka jokatutako partidan. Merezitako puntu horiek lasaitasuna emango diote Arabako taldeari.

Alavesek garaipena behar zuen eta hori lortu du Mendizorrotzan Espanyolen aurka. Hasieratik argi eta garbi ikusi da Abelardoren taldeak ahalik eta lasterren bideratu nahi zuela norgehiagoka. Izan ere, bizi-bizi atera da taldea. Hirugarren minutuan Manu kapitainak baloia sarera bidali du baina epaileak bertan behera utzi du jokaldia eskuarekin gelditu duelako baloia.

Halere, pixkanaka Espanyol taldeak jokoaren ekimena hartuz joan da. Baina inongo arriskurik sortu gabe. Talde arabarra oso ondo kokatu da berdegunean. Iazko sistema bera erabiliz, hau da, atzealdean ia-ia akatsik egin gabe, zelai erdian eta aurrealdean presio ikaragarria eginez. Jakina, joko honek distira kentzen dio eraso jokoari. Baina fruituak eman ematen ditu. Halere, lehen zatian Alavesek gol aukera ugari sortu ditu. Dena den, ez pentsa talde kataluniarrak gauza handirik egin duenik, ia-ia ezer gutxi, Leo Baptistaoren area kanpotik egindako jaurtiketa bakarra izan da erasoan eman duen guztia.

Baina, lehen zatian hondarretan, VAR teknologia berria agertu zaigu. Epaileak Espanyolen aldeko kornerra adierazi du 38. minutuan. Atera eta Laguardiak heldu dio David Lopezi eta honek ezin izan du buruz jo berdegunera joan delako. Hasiera batean, bazirudien epaileak ez zuela errepikapena erabiliko baina batean keinua eginez bideo ikustera joan da. Horren ondorioz, penaltia adierazi du. Egia esanda, penaltia izan da, baina epaileak ez du birpasatu aurreko jokaldia kornerra ez zelako. Gauzak horrela, Leo Baptistaok huts eta batekoa jarri du markagailuan eta gauzak maldan gora jarri dizkio Alavesi.

Bigarren zatia ziztu bizian hasi da. Bi taldeak erasora atera dira eta oraingoan eskerrak VAR dagoela. Sergio Garciak bigarren gola egin du baina epaileak bideoa ikusi ondoren bertan behera utzi du. Hor izan da partidaren gakoa. Izan ere, bigarren zatia hasi bezain pronto bigarren gola jasotzea gehiegi izan zitekeen. Oraingo honetan esan genezake epaileak bete-betean asmatu duela.

Talde arabarra puztu egin da eta aurrera jo du berriz berdinketaren bila. Berehala ailegatu da, 57. minutuan Borja Bastonek area txikian bakar bakarrik buruz sarera bidali du baloia, banako berdinketa lortuta. Handik gutxira, Sobrinok egin du bigarrena. Kontraeraso bikaina egin du talde urdin-txuriak, korner baten ondorioz atzelariek urrundu, Jony-k ziztu bizian zeharkatu du zelai erdia eta ia-ia hondoko marraraino ailegatuz atzera eman dio pase Sobrinori eta honek sarera bidali du baloia. Eromena harmailetan eta ia-ia lehen garaipena bideratuta.

Handik aurrera, Alavesek ez dio inongo aukerarik eman Espanyoli. Rubik, talde kataluniarraren entrenatzaileak aldaketak egin ditu eta partida sei aurrelariekin amaitu du. Halere, ia-ia ez dute aukerarik izan areara hurbiltzeko.

Merezitako hiru puntuak eskuratu ditu eta horrek lasaitasuna emango dio taldeari.

HAMAIKAKOAK:

Alaves: Pacheco, Martin, Laguardia, Maripan, Duarte, Ibai (85. X. Navarro), Manu, Wakaso, Jony (81. A. Marin), Sobrino eta Borja Bastón (64. Guidetti).

Txartel horiak: Pacheco, Wakaso, Manu García eta Laguardia.

Espanyol: Diego López, Javi López (78. H. Perez), David López, Mario Hermoso, Didac, Granero (67. Melendo), Marc Roca (83. Piatti), Darder, Borja Iglesias, Leo Baptistao, Sergio García.

Txartel horiak: Darder, Borja Iglesias eta Leo Baptistao

Golak:

41. minutuan: 0-1: Leo Baptistaok VAR-en bitartez adierazitako penaltia.

57. minutuan: 1-1: Borjas Baston-ek buruz sarera.

59. minutuan: 2-1: Sobrinok bukaera ezin hobea emanez kontraeraso bati.

Mendizorrotzako harmailak:

18.052 ikusle. Eguzkia lagun, giro ezin hobea Mendizorrotzako harmailetan. Zaleek hasieratik bukaeraraino kantuz aritu dira taldeari animoak emateko. Azkenik, fruitua ezin hobea izan da, hiru puntuak etxean geratu baitira.

Partidari Patxi Peula patinatzaileak hasiera eman dio eta zale guztion txalo beroak jaso ditu. Izan ere, duela gutxi Abiadura Irristaketan Europako txapelduna izan da.

Lehen eta bigarren zatian 30. minutuan jokalariek ura edateko tartetxoa izan dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide