Gasteizko jaiekin batera ekingo dio Daniel Calparsorok El silencio de la ciudad blanca filmatzeari. Zeledonen jaitsiera grabatuko dute, eta farolen prozesioan ere izango dira Eva Garcia Saenz de Urturi idazlearen eleberri arrakastatsua zinemara eramateko. Javier Rey, Alex Brendemuhl eta Belen Rueda izango dira aktore protagonista nagusiak, eta eurekin batera arituko dira, besteak beste, Kandido Uranga, Alex Monner, Itziar Ituño, Pedro Casablanc eta Ramon Barea.
Dato kaleko etxebizitza bat, Andra Mari Zuriaren plaza, Kordoi Etxea eta Santa Maria katedrala izango dira agertokiak, beste hainbaten artean. Zortzi aste iraungo du grabazioak, irailaren 29ra arte, eta, hiriburuaz gainera, Arabako beste hainbat txoko ere bisitatuko ditu. Katedral zaharrean aurkitutako hildako batzuen gertakariak emango dio hasiera misteriozko thrillerrari.
2019an aurkeztu nahi dute Kraken protagonista duen pelikula, eta aurretik aurkezpen txiki bat egin nahi dute Festval telebista jaialdian.