'The Apartment'-ekin hasiko da Artiumen zine, gastronomia eta arte zikloa

Erredakzioa 2018ko uzt. 31a, 12:52
Abuztuaren 16an eskainiko dute 'Big Night' pelikula. / Big Night

Pelikulak ikusi ostean, Cube jatetxean hainbat plater dastatzeko aukera izango dute bisitariek.

Artium museoak eta Cube jatetxeak jarduera berean artea, zinema eta nazioarteko sukaldaritza biltzen dituen programa bat antolatu dute abuztuko ostegun guztietarako, Gasteizko jaietakoa izan ezik. Sukaldaritzak eta gastronomiak paper garrantzitsua duten lau pelikula eskainiko dituzte. Proiekzio bakoitza baino lehen (jatorrizko bertsioak eskainiko dira, gaztelaniazko azpitituluekin), bertaratzen diren guztiek museoan erakusgai dauden obretako baten bisita komentatu batean parte hartzeko aukera izango dute, filmari lotuta, betiere. Proiekzioaren ondoren, ikusleek filmaren traman edo sukaldaritza-estiloan inspiratutako zerbait dastatuko dute.


Artea, zinema eta gastronomia zikloak bosgarren edizioa du aurtengoa. The Apartment filmaren proiekzioarekin emango diote hasiera ostegun honetan, abuztuaren 2an. Filma Billy Wilderrem maisulanetako bat da, eta Jack Lemmon eta Shirley McLaine ditu protagonista nagusi. Proiekzioaren aurretik, El empleado eta Parásito piezak bisitatuko dira, parte-hartzaileak bi taldetan banatuta. Bi piezak Joan Brossaren Brossa Poesia erakusketakoak dira. Dastaketarako, berriz, Cube jatetxeak Dry Martini bat eta gaztadun galletatxo batzuk eskainiko ditu.

Zikloko bigarren filma Big Night izango da. Stanley Tucci eta Campbell Scott dira filmaren zuzendariak (1996), eta Tony Shalhoub eta Tucci bera, berriz, protagonista nagusiak (abuztuak 16, osteguna). New Jerseyko (AEB) kostako hiri txiki batean girotua, Estatu Batuetako 50eko urteetan, filmak Paradise izeneko jatetxe bat eraman zuten bi anaia etorkinen historia kontatzen diu. Oraingo honetan, bisitarako aukeratutako obrak hauek dira: batetik, Welcome to Paradise, Rogelio Lopez Cuencarena, El Arte erakusketakoa; eta, bestetik, Despliegue, Maria Ribotena,  Artres erakusketakoa. Filma ikustera bertaratzen direnek ganba-risottoa dastatu ahalko dute.

Abuztuaren 23an, zikloko hirugarren ostegunean, beste film handi bat eskainiko da: Fa yeung nin wa, Wong Kar-Wai zuzendari txinatarrak zuzendua (2000) eta Maggie Cheung eta Tony Leung Chiu Wai antzezleek interpretatua. Cannesen bi sari jasotakoa eta Cahiers du cinémak 2000ko hamar film onenen artean hautatutakoa da filma, eta bi lagunen arteko adiskidetasun eta maitasun (platoniko) historia du kontagai, 60ko urteetako Honk Kongen girotua. Melodrama sofistikatu horrekin lotuta, bi obra bisitatuko dira: batetik, Vídeo viento, Montserrat Sotorena, Artres erakusketakoa, eta, bestetik, Todavía esperando (errores de escala), Francisco Ruiz de Infanterena, El Arte erakusketakoa. Cube jatetxeak txekor haragi eta barazkitxoen wok bat eskainiko du horretan. 

Zikloa amaitzeko, abuztuaren 30ean, 18 comidas filma eskainiko dute: Jorge Coirak zuzendua (2010) eta, aktore zerrenda luze baten buru, Luis Tosar eta Victor Clavijo antzezleek interpretatua. Hamabost izendapen izan zituen Goya sarietan eta sei istorio (komediak zein dramak) ditu kontagai, bakoitza pertsonaia baten bizitzako egun bateko gosariaren, bazkariaren eta afariaren inguruan harildua. Film honetarako hautatako bi artelanak Eulalia Valldosen Habitación eta Miquel Barceloren Le peintre avec pinceau bleu dira. Cubek vichyssoise bat eskainiko du dastaketarako. 

Sarrerak salgai daude dagoeneko, leihatilan bertan zein museoaren webgunean. Erakusketa-aretoko bisitak 19:20etan izango dira, proiekzioak 20:00etan eta Cube jatetxeko dastaketak filma amaitutakoan. Txartelen prezioa 7,5 €-koa izango da. Artiumen Adiskideei prezio berezia eskainiko zaie: 5 €.                         

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide