Emakume sortzailea izango du ardatz Danzalavak

Erredakzioa 2018ko uzt. 30a, 20:23

Federica Porellok irailaren 8an egingo du aurkezpena. /I.Porello

Besteak beste, Federica Porello, Mark Tompkins, Vera Mantero eta Idoia Zabaletaren formazioa jasoko dute dantzariek Gasteizen. 

Dantzari profesionalei formazioa eta babesa emateko jaio zen Danzalava proiektua Araban. Eta hirugarren edizio honetan Federica Porello (Italia, Frantzia), Mark Tompkins (AEB), Monica Valenciano (Espainiako sari nazionala), Vera Mantero (Portugal), Katie Duck (Holanda) eta Idoia Zabaleta (Araba) izango dira 2018-2019 ikasturtean; dantza sorkuntza eta mugimenduen hizkuntzen bilaketa eta formazioa lan ildo izango dituzte, emakume sortzailea ardatz hartuta. 

Hamaika hilabetetan zehar, hainbat tailer, lanen aurkezpen publikoak, sormen laboratorio bat, nazioarteko topaketa bat eta hasi berri den artista batentzat egoitza artistiko bat eta asistentzia koreografikoa eskainiko ditu Gasteizen. Ikasturtea Federica Porello dantzariaren aurkezpenarekin hasiko da, irailaren 8an, Artiumen.

Altraste dantza kolektiboak antolatuta, Eusko Jaurlaritza, Gasteizko Udala, Arabako Aldundia eta Vital Kutxak ematen diote babesa proiektuari, herrialdeko hainbat erakunderekin batera. Tailerrak Jose Uruñuela dantza kontserbatorioan eskainiko dituzte, eta beste hainbat gunetan aurkezpenak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago