Gaurtik hasita eta bihar 00:00ak arte greba egingo dute Arabako taxi-gidariek. Hala erabaki dute gaur goizean deitutako batzarrean. Ohartarazi dutenez, negoziazioen emaitzen arabera, greba eta mobilizazioak luzatu daitezke. Dena den, gutxieneko zerbitzuak zehaztu dituzte Arabako taxilariek mugikortasun arazoak dituzten lagunentzat eta larrialdientzat.
Arabako taxi-gidariek bat egin dute Estatuko Taxien Elkarteak (Antaxi) deitutako grebarekin, besteak beste, Uber eta Cabify bezalako gidariak dituzten ibilgailuen baimena mugatzeko. Bizkaian zein Gipuzkoan ere gaur goizean hasi da greba. Taxien Euskal Federazioak adierazi du Bilboko eta Donostiako taxilarien artean greba "erabatekoa" izaten ari dela, eta "normaltasuna" dela nagusi. Nafarroan, ostera, 06:00etatik 13:00etara lanuztea egingo dute.