Armentia-2 egitasmoaren kontrako alegazioak aurkeztu dituzte

Erredakzioa 2018ko uztailaren 27a

Berriztu eta Fracking Ez Araba plataformetako kideak. / Alea

Bi mila lagunen babesa duen alegazio bat eta 14 alegazio tekniko aurkeztu dituzte; hilaren 31n Gorbeian egingo den mendi martxara deitu dute.

Armentia- 2 putzuko egitasmoaren inguruko alegazio kanpainari amaiera eman diote gaur Berriztu eta Fracking Ez Araba plataformek, eta 14 alegazio tekniko eta alegazio herrikoi bat aurkeztu dute, 2.000 lagun baino gehiagoren babesarekin. Espainiako Ordezkaritzaordearen bulegoaren aurrean egin dute agerraldia, Gasteizen.

Joan den ekainaren 15ean Estatuko Aldizkari Ofizialean Ingurugiro Inpaktuaren ikerketa eta Armentia-2 putzuaren azterketa argitaratu zuten, eta "irregulartasunak" ikusirik, helegitea aurkeztu zuten Berriztu eta Fracking ez Araba plataformek. Hori Audientzia Nazionalaren esku dago orain eta urtea amaitu aurretik erabaki bat har dezake.

Talde ekologisten arabera, ikerketak ez du "zehaztasun nahikorik", "hipotesietan" oinarritzen da, "kontraesanak" ditu, eta "forma akats nabariak". "Dirudienez, edo adituak ez direnek egin dute edo aldez aurretik erabakia hartuta dago eta ez du inporta zein izango den kalte naturala", salatu dute agerraldian.

Alegazioak

Orube hau Gasteizko Mendietako Parke Naturalaren egitasmoaren barruan kokatzen dela nabarmendu dute, eta, beraz, "gas putzu bat egitea ez da bateragarria ingurunearen babesa ziurtatzearekin". Eta berretsi dute Gasteizko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean Armentia-2 putzuko kalifikazioan "urbanizatu ezin daitekeen zoru bezala" agertzen dela.

Salaketa egin eta egitasmoaren berri emateko, Berriztuk eta Fracking Ez Araba plataformek alegazio herrikoi bat aurkeztu dute herritarren sinadurekin babestuta, eta, horrekin batera, 14 alegazio tekniko. "Pare bat aste eta egun gutxitan, 2000 sinadura baino gehiago jaso ditugu alegazio horren alde. Balio kualitatibo izugarria ematen diegu sinadura horiei".

Era berean, fraking-aren putzuen zulaketetan egin zuten bezala, uztailaren 31n, Gorbeiara egingo den mendi martxara gonbidatu dituzte herritarrak. Salaketa argazkia egin nahi dute han, 12:30ean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago