"Instituzioek ondarea utzita daukatenez, guk lan horri ekin diogu"

Juanma Gallego 2018ko uzt. 28a, 06:00

Isabel Mellen historialariaren ustez, enpresa pribatuek bidea zabaldu behar dute, instituzioen utzikeriaren aurrean. / Juanma Gallego

Munduan bakarrak diren harribitxiak daude Araban, baina ohiko ibilbide turistikoetatik kanpo geratu dira. Horiek azalarazteko lanean ari da Mellen, ondare materiala ikertzen eta zabaltzen. Estibalizko santutegian dute egoitza, bertako fraideei esker; denbora gutxian, iraganaz arduratzen diren lagunen benetako armada bat osatu dute Erdi Aroko Araba elkartearen inguruan.

Duela bi urte eta erdi inguru abiatu zuen Erdi Aroko Araba elkartea Isabel Mellen (Gasteiz, 1986) historialariak, beste hainbat lagunekin batera. Herrialdeko ondarea ikertzeko eta ezagutarazteko helburua izan dute hasieratik. Ondare materialaren dibulgazioaz eta ikerketaz arduratzen da Mellen, elkarteak Estibalizen duen egoitzan.

Ondareari erabat lotuta zaude. Zerk eraman zintuen horretara?

Filosofia ikasi nuen, eta, duela gutxi, Artearen Historiako gradua bukatu dut. Arlo akademikoa ez dut guztiz alboratu, eta estetikaren filosofian doktoretza tesia egiten ari naiz orain. Gasteizko Santa Maria katedralean bi urte eta erdiz gidari gisa ibili naiz, eta garai horretatik oso oroitzapen onak ditut: beste gidariei esker asko ikasi nuen, eta Arabako artea berraurkitzeko modua izan nuen. Bertan konturatu nintzen artea ezagutzeaz gain, ezagutza hori besteei zabaltzea ere liluragarria zela. Horretan ari nintzela, lagun talde bat elkartzen hasi ginen: San Soleil argitaletxearekin kolaboratzen hasi nintzen, eta Kultur Gasteiz proiektua garatu genuen; azken hau geldituta dago orain. Pixkanaka, elkarte izaerari utzi eta horrekin ogibidea garatzen saiatu ginen. Oso zaila da kulturaren arloan bizirautea: instituzioek beti eskatzen dizute elkarte izaera izatea, diru laguntza gutxi egoten dira eta normalean trabak besterik ez dituzte jartzen.

Nolakoa izan zen Erdi Arora egindako jauzia?

Konturatu ginen Araban oso aberatsa eta kalitate onekoa den ondarea dugula. Eta, harrigarria bada ere, inoiz ez zaio jaramonik egin. Inguruetako herrialdeetan duten ondarea bezain ona da, baina, ez dakit zergatik, hemen ez zitzaion arretarik eskaini. Konturatu ginen instituzioek erabat utzita zutela ondarea. Elizak konpontzea ondo dago, baina, horrez gain, eraikin horiei bizitza eman behar zaie. Azken finean, zaharberrituta zeuden harri puskak eratzen ari ziren landa eremuan; baina, gero, erabat utzita gelditzen ziren. Bestalde, konturatu ginen ondare hori oso gutxi ikertuta zegoela. Bere garaian Micaela Portillak lan asko egin zuen, baina ordudanik ez da aurrerapen handirik izan. Esaten ziren gauza asko, gainera, heredatutako ideiak ziren, zuzenean asmakeriak edo kondairak ez zirenean. Horregatik, eta Erdi Aroa ikertzeko muga asko badira ere, guk ikerketa hori egiteari ekin diogu, ondoren ezagutza hori jendarteratzeko. Izan ere, jendeak ez badu ondarea balioesten, ondare hori galduko da. Horren harira, Araban bertan oso kasu dramatikoak ikusten ari gara. Herri txiki bateko eliza desagertzen bada, oso gutxi geratzen zaio herri horri, bertan bilduta dagoelako herri horretako historia osoa. Ondarearen ikuspuntutik ari naiz, ez erlijioaren ikuspuntutik.

Askotan erlijioaren aitzakia jartzen da ondarea alboratzeko…

Hala da. Gu ikuspuntu laikotik lanean ari gara. Elizen erabilera beharrezkoa da. Eliza asko bisita gidatuei esker salbatu dira, edo barruan jarduera kulturalak egiten dituztelako. Horrek bultzatzen du erabilera, astean behin pertsona bat hara sartzea ikusteko elizaren egoera zelakoa den, ea zerbait falta den… horri esker mantentzen dira. Elizak utzikeriagatik erortzen ari dira, inork ez dituelako erabiltzen. Askotan, kanpotik datorren jendeak gehiago balioesten du ondarea bertokoek baino. Halere, hemen badago hori baloratzen dakien jende asko. Guk, batez ere, Arabako publikoarekin lan egiten dugu, kanpoko bisitariak oso bideratuta etorri ohi direlako leku zehatzetara, turismo bulegoetatik bidalita. Gu turismoaren ikuspegitik oso ezagunak ez diren lekuetan ari gara orain.

Estibalizko santutegian duzue egoitza. Benetako pribilegioa izan behar du bertan bulegoa izateak. Nola lortu zenuten?

Egia da, guztiz zoragarria da. Oso ederra da leihotik begiratzea, eliza eta basoa ikustea, eta zure buruari esatea: "Bada, nik hemen lan egiten dut!". Hasieran, Arabako Erromanikoaren Interpretazio Zentroarekin hitz egin genuen, bisita gidatuak egin nahi zituztelako. Bertan ere badago Estibalizko Ama elkartea; tokia zaintzen dute. Baina bai elkartekoak zein fraideak nahiko edadekoak dira, eta zaila egiten zaie dena kudeatzea. Horregatik, egun batean telefonoz hots egin ziguten, eta galdetu ziguten ea nahi genituen etxea, taberna, jatetxea… tira, jatetxea hartzea gehiegi zen, baina taberna bai hartu genuen, nahiko erraza baita halako taberna txiki bat kudeatzea. Asteburuetan eta oporretan irekitzen dugu, eta tabernak asko lagundu du ere jendea erakartzen. Funtsean, fraideek etxea laga ziguten, etxea konpontzearen truke. Duela bi urte izan zen hori, eta etxea oso egoera kaskarrean bazegoen ere, fraideek gauzak asko erraztu zizkiguten. Hasieran argiztapenik ere ez genuen, eta neguan arratsaldeko seietan bulegotik atera eta autoak topatzeko linternak erabili behar izan genituen. Baina pixkanaka itxura hartu du, eta santutegia asko biziberritu da. Jendea hasi da berriro igotzen, tabernarekin eta bisitaldiekin… baina beste jarduera asko izan ditugu: hitzaldiak, umeentzako tailerrak eta kontzertuak, besteak bete. Aurten, Vital Fundazioaren laguntzarekin, maiatzak 1eko Kalte-ordainen azoka berreskuratu dugu, antzinako izaera hori berriro indartu nahian. Orain arte antolatu gabe zegoen. Edozein etortzen zen, salmenta postua nahi zuen lekuan jartzeko. Dena oso kaotikoa zen, eta fraideek ez zuten modu askorik hori guztia antolatzeko. Pentsa fraide gazteenak 70 urte baino gehiago dituela.

Horma pintura gorria gertutik ikertu du adituak. / Juanma Gallego

Nolakoa da Elizarekin duzuen harremana?

Gotzaindegiarekin harremana dugu. Duela gutxi beraiekin akordioa lortu dugu, baina harreman horretan sakondu behar dugu. Apaizei dagokionez, normalean oso ondo hartzen dute haien elizak erakusteko aukera. Beste batzuk, aldiz, alde batera geratzen dira. Baten batekin arazoren bat izan dugu, ez zuelako ondo ikusten eliza erakustea, baina, orokorrean, harremana ona da. Normala denez, gu ez gara haien sermoietan sartzen, eta beraiek ere ez dute gure edukietan sartu behar, hori oso garbi daukagu. Lan serioa egiten dugula erakutsi dugulakoan nago, arlo akademikotik landuta eta unibertsitateko irakasleen babesarekin.

Eta instituzioekiko harremanak?

Duela gutxi hasi dira gaian sartzen, eta esan dezakegu neurrizko interes bat erakutsi dutela. Interesa dago, baina, egia esanda, orain arte ez dute asko lagundu. Are gehiago, askotan, trabak besterik ez dituzte jarri. Turismoari dagokionean, turismoa “berdea” baino ez dute landu nahi. Hori oso garbi daukate, baina erabaki horrek ez dauka ez hanka ez bururik. Ondarea ez dute aintzat hartzen. Hainbat saiakeraren ostean konturatu gara gure kabuz aurrera egin behar dugula. Horregatik, arloan aritzen diren beste bi enpresekin batera proposamen propioa landu dugu. Batez ere Trebiñun aritzen den Kalearte eta Gaubean lan egiten duen Nosco enpresekin batera ibilbide proposamen bat eratu dugu, bisitarien esku jartzeko. Lau ibilbide tematiko eratu ditugu: erromanikoa, elizen kolorea, almenak eta eremitorioak zein lehen monasterioak. Erabaki dugu guk aurrera egitea, jendeak leku batetik bestera joateko aukera izan dezan, buruan txertatuta ditugun muga administratiboei kasu egin gabe.

Instituzioen babesik gabe egin duzue, orduan…

Bai. Nahi badute, ondoren etor daitezela instituzioak, eta haien artean ordutegiak eta bestelako kontu teknikoak adostera. Instituzioekin lan egiteko bide bat besterik ez dagoela ikasi dugu: zuk landu behar duzu kontua, bizpahiru urtez frogatu behar duzu ideia horrek funtzionatzen duela, eta, hala bada, gero beraiek dirua eta logotipoa jarriko dituzte. Baina eskaria egon badagoela argi dago, bestela gure proiektuak ez luke funtzionatuko. Munduan bakarrak diren gauzak daude Araban, baina ez dira gai hori aitortzeko. Alaitzako margoak horren adibide bikaina dira. Guk iaz horren inguruan jardunaldi batzuk antolatu genituen, eta astebete lehenago egin genuen bideo bat mundu osoan zabaldu zen. Baina gaiari etekinik ez zaio ateratzen. Europan landu izan zen horma pintura gorri gehiena desagertu da, baina Araban horren adibide asko ditugu oraindik. Gainera, Alaitzarena harago doa, margo horietan istorio bat kontatzen duelako.

Margo horiek zergatik egin ziren azaltzen ausartuko zinateke?

Ni ez nago ados XIV. mendekoak direla dioen teoria nagusiarekin. Aurrerago margotu zirelakoan nago, eta harginek egin zutela uste dut, ez bataila batean parte hartu zuten soldaduek. Horrek ez du zentzu askorik. Nolatan jarriko dira gerrara datozen soldaduak margotzen? Ez da hain erraza: aldamioak, karea, pigmentuak, aldez aurretik egindako diseinua… gauza asko behar dira. Nire hipotesia da eliza hori noizbait pribatua izan zela, garaiko beste asko bezala. Eliza eraiki zen garaian birfeudalizazio prozesu bat gertatu zen. Leinu baten eraketaren baitan irudikatzen dut margoen abiapuntua. Agian noble batek berak parte hartu izan zuen batailaren bat irudikatu nahi izan zuen, botozko opari modura edo. Sortze-istorio horiek oso ohikoak ziren. Adibide ezaguna da Varonatarren leinuko sortze-istorioa: errege batek gerran aritu zen emakume bat hala izendatu zuen, varona, batailan “gizonezko” baten moduan aritu zelakoan. Nik uste dut halako zerbait gertatu zela Alaitzan. Zehazki zeintzuk izan ziren noble horiek? Batek daki, hori bilatu beharra dago, baina horrek denbora eskatzen du ikertzeko. Horregatik, praktikari begira, testuingurura jo dugu. Konturatu gara mota horretako pinturaren beste adibide asko daudela Araban, eta horiek ikertzen ari gara.

Eta horrelako margoen adibide gehiago aterako al dira Araban?

Ziur nago baietz. Asko, gainera. Batzuk oso ondo zehaztuta ditugu: Oreitiako elizan Gazeon dauden margoen parekoak egon litezke. Erretaularen atzeko aldeari izarrak eta pertsonaiak antzematen zaizkio: tunika batzuk, pertsonaia bat liburu batekin… Miñao Gutxian ere, paretan zartatu batzuk ageri dira, eta behean horma pintura gorri oso interesagarria dagoela dirudi.

Tristea da hau entzutea. Altxorra non dagoen badakizue, baina ezin daiteke atera?

Gotzaindegiak dio eliza horiek ia ez direla erabiltzen, eta Diputazioarengana jotzen duzunean konpontzeke dituzten elizen zerrenda erakusten dizute. Momentuz, gehienetan egiten dutena da teilatuak jartzea, baina barruan dagoena ez dute ukitzen. Zein da, bada, irtenbidea? Eliza horiek erabiltzea. Erabilpen kulturala, turistikoa, bisitak antolatzea, jendea horiek zaintzeko beharra izan dezan. Baina itxaropena dago. Gurekin zaletu asko ibiltzen dira, eta askotan txantxetan diogu gurekin ondarearen aldeko borrokalarien armada txiki bat osatu dugula. Ez da gutxi.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago