Aire librean ibilbideak egitea gustuko dutenek badute aukera berri bat: Trebiñuko Albaita eta Lañu eta Mendialdeko Faidu herriak lotzen dituena. Historiaz betetako irteera ikusgarria da honako hau.
Orain dela hamabi urte hasi ziren Trebiñu Batu elkartekoak Micaela Portillaren omenezko ibilbidea prestatzen. Irakasle eta historialari ezagunaren aita Saratsun jaioa zen eta bertan igarotzen zituen Micaelak udak. Elkarteko kide Mikel Arribasek historialari, dibulgatzaile eta ikerlari handiak Trebiñurekin zuen lotura berezia azpimarratu du, eta egindako lanagatik omentzea bururatu zitzaiela azaldu du, ibilbide bat bere omenez eginez.
Lanean jarri ziren eta edozeinentzako eta urteko urtaro guztietan egiteko aproposa den ibilbidea osatu zuten. Bost bat ordutan egiteko txango erraza. Albaitako plazan hasi eta amaitzen den ibilbide zirkularra, 17 kilometro ingurukoa, Trebiñuko zein eskualde horrekin muga egiten duten Mendialdeko lurrak zeharkatzen dituena.
Bidean, Lañuko 13 kobak eta Santorkaria ingurunea bisitatzea proposatzen dute; azken horrek 18 kobazulo ditu. Horiek ikusi ostean, pagadi txikia eta ederra ere zeharkatzen du ibilaldiak, eta baita harrobiak ere. Azken horietan egindako ikerketa geologikoetan dinosauroen, dortoken, marrazoen edo krokodiloen aztarnak topatu izan dira.
Horrez gain, lau baseliza ezagutzeko aukera eskaintzen du Trebiñu Batukoek prestatutakoa; tartean, Kruzia mendiko inguruneko harri batean eraikita dagoen Haitzeko Andra Mari baseliza edo Granadokoa. Eraikin hau Granado izan zeneko herrian zegoen, baina gaur egun desagertu dago.
Pasa den urtera arte
Portillaren omenezko ibilaldia osatu eta bidea markatzen zuen hainbat seinale jarri bazituzten ere, denborarekin, Trebiñu Batu elkarteak beheranzko joera hartu zuen, eta proiektua bera ere ahaztuta geratu zen; ez zuten behar bezala amaitu. Pasa den urtera arte.
Iaz, elkarteko presidentearekin elkartu zen Arribas eta ibilbidea berreskuratzea proposatu zion. Trebiñuko hainbat eragilerekin eta erakunderekin jarri ziren orduan kontaktuan, eta egitasmoari "behar zuen azken bultzada" eman diote azken hilabeteotan. Bere garaian jarritako informazio paneletan eta seinaleetan mantentze lanak egitearekin batera, Micaela Portilla ibilbidea dioten seinale berriak ere jarri dituzte; tartean, lau zutoin. Margoz ere markatu dute bidea, inor galdu ez dadin.
Bi esku-orri
Interneten ere aurkitu daitezke ibilbide honen xehetasun guztiak; zehazki, aire librean egiteko ibilbideak elkartrukatzea helburu duen Wikiloc atarira igo ditu Arribasek jarraibide guztiak, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako testu batekin eta hainbat argazkirekin. Horrekin batera, bi esku-orri ere prestatzen dabiltza: Micaela Portilla zenari buruzkoa, lehena; eta ibilaldiaren argazki gida bat, bigarrena. Mikel Arribasek jakinarazi du horiek amaitzear daudela, eta irailerako nahi dituztela prest izatea. Ez dago aitzakiarik ibilaldia egiteko