Ryanairreko Forondako hiru hegaldi, kolokan

Erredakzioa 2018ko uzt. 19a, 14:03

Ryanairren hegaldiak kolokan daude. ALEA

Kabina tripulazioko langileek greba egingo dute, uztailaren 25ean eta 26an.

Gasteizko aireportuko hiru hegaldi egon daitezke kolokan Ryanairren greba dela eta; Ryanairrek lau hegaldi zerbitzu eskaintzen ditu Forondatik: Koloniara (Alemania), Milanera (Italia), Sevillara (Espainia) eta Tenerifera (Espainia). Azken hirurei eragin diezaieke grebak.

Enpresak jakinarazi duenez, Europa osoan 600 hegaldi utziko ditu bertan behera, konpainiako langileen grebaren ondorioz. Neurriak 100.000 erabiltzaileri eragingo die bi egunetan. Enpresak ez du zehaztu, ordea, hegaldi horiek zein izango diren. Dena den, jakina da Espainiatik, Italiatik, Belgikatik eta Portugaldik irteten diren hegaldiei edota estatu horietara iristen direnei eragingo diela. Halaber, uztailaren 29an ere Forondako aireportuko hegaldietan arazoak sor daitezke, Aena enpresan dagoen lan gatazkaren ondorioz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago