"Eskoletako frontoiak galdu ditugu, eta zaila da berreskuratzea"

Anakoz Amenabar 2018ko uzt. 19a, 11:40

Iker Gereta, Arabako Euskal Pilota Elkarteko presidentea, / Esti Lanao

Berdintasuna, aniztasuna eta euskara. Arabako Euskal Pilota Elkarteko junta berriak lan ildo horietan eragiteko helburua jarri zuen 2017ko amaieran, eta horiek berretsi ditu Iker Gereta presidenteak. Federazioak 75 urte beteta, ospakizunerako tartea izango dute Santiago egunean. 

Barrutia ikastolan eman zituen lehenengo pilotakadak, eta geroztik pilotari lotuta izan da Iker Gereta (Gasteiz, 1981), modu batera edo bestera. Arabako Euskal Pilota Elkarteak behar zuen "norabide aldaketa" eta "bultzada" emateko asmoz, 2017 urte amaieran hartu zuen presidente kargua, eta ez zaio lanik falta izan zeregin honetan. Eskola-kirolean pilota berreskuratzeko ahalegin berezia egiten ari dela azaldu du, baina beste hamaika hari mutur ere baditu tira egiteko.  

75 urte bete ditu Arabako Euskal Pilota Elkarteak. Nola laburbiltzen da Federazioaren eginbeharra?

Pilota eta kirola sustatzea izan dira eginbehar nagusiak urte hauetan guztietan. Gure lantaldearen kasuan, aurreko helburu horiekin batera, berdintasuna sustatzea, aniztasunean eragitea eta euskara ere areagotzea bilatzen dugu. Bestalde, eskola-kirolean ere lanean ari gara, eta diru aldetik ere ekarpen handiagoa egin dugu aurten.

Zu zeu ikastolan hasi zinen esku-pilotan, ezta?

Bai, eskolaz kanpo antolatzen diren kiroletan. Anaia hasi zen pilotan eta ni zain izaten nintzen, elkarrekin etxera joateko. Nire lehen maisua Pedro Asurmendi izan zen; anaiaren zain nengoela pilota botatzen zidan eta poliki-poliki zaletuz joan nintzen. Hori galdu dugula iruditzen zait. Lehen, ikastola guztietan zegoen frontoi bat eta bakoitzean talde bat. Eskola arteko txapelketan ikastola guztiak aritzen ziren: Barrutia, AbendaÒo, Legutio... eta orain klubak dira. Frontoiak galdu ditugu eta hori berreskuratzeko lan izugarria egin behar da. Guraso elkarte guztiek ez dute nahi, frontoietan bestelako kirolak ere egiten direlako, eta multi-kirola egitera jotzen dutelako askok. Lan handia izango dugu pilotara erakartzeko, baina horretan ari gara. Nahiko genukeena baino gutxiago, baina ari gara hainbat lekutara jotzen; Arabako Errioxan, esate baterako, aukera handiak daude eta esfortzu berezia egin nahi dugu.

Emakumeen parte-hartzea areagotzeko neurriak iragarri zenituzten lantalde berriarekin.  

Esparru guztietan ari gara hori indartzen. Juntan, esate baterako, lehen aldia da emakumeak daudena. Kirolari dagokionez, esku-pilota indarra hartzen ari dira, eta aurten lehenengoz Andra Mari Zuriaren txapelketan ikusiko ditugu neskak esku-pilotan. Green Capital txapelketari esker palan jokatzen ikusi ditugu, eta orain esku-pilotan ikusteko aukera izango da, sekulakoa izango da Foruen plazan neskak ikustea. Maila polita lortzen ari diren neskak ditugu, eta EHUrekin elkarlanean  neska talde bat izan da urtarriletik ekainera arte, hurrengo urtean ere antolatuko duguna. Bestetik, epaile ikastaroa ere prestatzen dugu, eta aurten hiru emakume ari dira epaile lanetan. Hau da, esparru guztietan indartzen ari gara... 

Adin tarte bat erabakigarria izaten da pilotarekin jarraitu ala ez aukeratzeko, 16 urte ingurukoa. Hortik aurrera pilotan jarraitzeko aukerarik badago? 

Gure taldearen bi lan ildo nagusiak gazteak erakartzea eta promozioa dira. Errendimendu handiko pilotariekin bezala, lan bat egin behar zela ikusten genuen, pilotari gazteek pilota ez uzteko; maila txikiagoa dutenei ere jarraipen bat emateko. Pilotari horiek epaile moduan, entrenatzaile moduan edo bestelako kolaborazioetan lotzen saiatzen ari gara, azken batean frontoitik ez joateko. Gainera, haiek ere pilotan aritzeko txapelketa bat antolatu dugu, Araba mailakoa. Orain arte ez zuten horretarako aukerarik, eta txapelketa honekin liga jokatzen den bitartean haiek ere jokatzeko aukera izatea nahi dugu.   

Beti esaten da Araban erreferente bat falta dela esku-pilotan...

Ez dut ezer aurreratu nahi, baina badago mutil gazte bat Asegarcerekin aurrekontratua sinatu duena. Horrek, hala ere, ez du ezer esan nahi; bi urteko aurrekontratuarekin enpresa horri lotuta egongo dela baino ez. Dudarik gabe, lehenengo pausoa da, baina gerta daiteke debutatu gabe geratzea. Gertatu izan zaigu beste gazte batzuekin eta kolpea handia da, espektatiba handia izaten delako. Maila ona duten neska eta mutilei begira, bestalde, federaziotik beka batzuk prestatzen ari gara; materiala eta entrenamendua eskainiko diegu, psikologikoki prestatu, dieta bideratu... goi mailako kirolari izateko hezitu nahi ditugu. Dudarik gabe, erreferente bat izatea garrantzitsua da, zaleei begira, pilotari gazteei begira... Zergatik jokatzen dute futbolean gazteek? Telebistan ikusten dutelako.  

Zergatik ez da izan aurretik puntako pilotaririk?

Faktore asko daude tartean. Nik uste dut aurretik ere maila izan dela, bigarren mailan jokatzeko arazorik gabe; Alvarado, LarraÒaga... Baina bidean jende asko geratzen da. Nafarroan bertan Eneko Yoldi moduko pilotariak bidean geratu dira, enpresa erabakiak daudelako tartean, eta subjektibitatea sartzen den momentutik ez dagoelako zer eginik. Mailari dagokionez, maila handikoak izan ditugu aurretik ere. 

Zure kasuan, halako laguntzarik faltan izan zenuen?

Nik ez nuen hainbesteko espektatibarik pilotan. Teknifikazio talde batean izan nintzen, eta goizetan entrenamendua egiten genuen, baina ez nuen hainbeste espero.  

 

"Pilotaren esparru guztietan ari gara emakumearen

aldeko pausoak ematen"

 

Pilotan denak aritzeko ahaleginean, zer pauso eman dituzue?

Oraindik urrats gutxi egin dugu, baina ari gara pilota inklusiboa izateko lanetan. Har-Eman elkartearekin batera hitzarmen bat sinatu genuen eta klubei igorri, kirola barneratzailea izan dadin ekimenak ere antolatu ditzaten. Txukun-Lakua klubak, esaterako, lan handia egin du horretan; modalitate guztietako pilotariak erakartzeko jardunaldi batzuk antolatu zituen martxoan. Pixkanaka, pausoak ematen ari gara.

Zein da lanik zailena federazioan?

Hasiera batean zaila izan zen dena kontrolpean eduki eta nola funtzionatzen zuen ikustea. Ondoren, dirua da kezka nagusia; diru-laguntzak proiektuak egin ostean kobratzen dira eta horrek asko zailtzen du lana. Pilota ardura bakarra izango dela uste duzu hasieran, baina federazioak dirua noiz jasoko duen da kezka gero; hiru langile ditu federazioak eta erantzukizun bat da. Horrela antolatzea zaila da, egia esan.

Esku-pilota izaten da nagusi, baina nolako garaia bizi du zestak?

Zestarentzat oso garai ona da. Pasa den ikasturtean Mexikora joan ziren hainbat gazte, Ekhi Martinez tartean, eta ikasturte berrian ere hara joango dira. Abuztuaren 3an kanpoan daudenekin zesta-punta jaialdi bat antolatu dugu.   

Zer prestatu duzue Arabako Euskal Pilota Elkartearen 75 urteak ospatzeko?

Modu berezian egin nahi dugu, Santiago egunez. Altuna II eta Merino arituko dira Retegi Bi eta Martijaren kontra. 18:00etan izango da, Ogetan. Pilotazale asko biltzea espero dugu.

Bi urteko lana aurretik. Zer erronka duzu?

Mandatua bukatu ahal izatea kar kar. Araban pilotak jarraitzea ez da erronka txikia, eta ahal den heinean zale eta kirolariak gehitzea. Hortik aurrera, ametsak dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago