Datorren denboraldiko taldea egituratzeko lanak

Erredakzioa 2018ko uzt. 18a, 18:18

Youssoupha Fall pibota eta Shavon Shields hegalekoa izan dira datorren denboraldirako lehen fitxaketak.

Hasi dira aurtengoan ere Zurbaoko bulegoetan urtero ikusi ohi ditugun jokalari mugimenduak. Gasteizko zaleak ohituta daude honezkero udako hilabeteak zurrumurru artean bizitzera, eta datorren denboraldira begira ere hasi dira lehen kromo trukaketak azaleratzen.

Baskoniako elastikoa gehiago jantzita ikusiko ez ditugun jokalarien artean, bi izen aipagarri: Rodrigue Beabouis eta Janis Timma hegalekoak. Lehenengoaren kasuan, Baskoniako zuzendaritzak gustoko jokalaria zuen eta kontratua berritzeko proposamena egin behar ziotela argi zegoen. Halere, Ligako finala bukatu eta egun gutxira, inolako eskaintzarik egiteko aukerarik izan gabe, Efes talde turkiarrarekin kontratua sinatu berri zuela aditzera eman zuen. Bigarrenaren kasuan, jokalari letoniarraren kalitatea inor gutxik jar dezake zalantzan. Tamalez, Gasteizen jokatutako lehen urtea izanik, ez du maila onena eman, eta taldeko soldatarik altuenetarikoa zuela kontuan izanda, Kerexetaren zuzendaritzak diru hori beste fitxaketa batzuk egitera bideratzea nahiago izan du. Horrenbestez, aste honetan azaldu dute Olynpiakosera joango dela Timma datorren denboraldian.

2018-2019 denboraldia

Datorren urteko izen berriei dagokionez, berriz, bi aurpegi berri izango dira Buesa Arenan ikusgai: Youssoupha Fall pibot senegaldarra eta Shavon Shields hegaleko estatubatuarra. Jokalari gazteak, etorkizun oparoa izan dezaketenak, eta soldata aldetik ere aurreko biek baino maila apalagoa izango dutenak seguruenik.

Halere, datorren ikasturtea erronka aparta izango da Baskoniarentzat. Urte luzez helburu horrekin lan egin ondoren, Euroligako Final Fourra Gasteizen jokatutako da eta Baskoniak bertan izan nahiko du. Hori lortu ahal izateko, ezinbestean talde lehiakorra osatu beharko dute gasteiztarrek eta oraindik ere izen handiak espero dituzte zaletuek. Besteak beste, Shane Larkin joko antolatzailearen izena entzun da zenbait bazterretan, eta NBAko ibilbidea atzean utzita, berriz ere Baskoniara itzultzea begi onez ikusiko lukete Baskoniazale gehienek. Opor garaia datorren honetan, lanean buru belarri jarraitu beharko dute Baskoniako bulegoan aste luze hauetan.

 

Youssoupha Fall

  • Postua: Pibota
  • Altuera: 2'21 metro
  • Jaiotze-data: 1995
  • Jaioterria: Senegal

 

 Shavon Shields

  • Postua: Hegalekoa
  • Altuera: 1'98 metro
  • Jaiotze-data: 1994
  • Jaioterria: AEB

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide