Arabako Foru Aldundiak loteria eta apustuen sarien gaineko presio fiskala leunduko du. Zerga-ordainketaren sistema aldatu, eta 10.000 eurorainoko sariek ez dute PFEZa ordaindu beharko, 2018an. Orain arte, 2.500 eurotan zegoen zerga ordaintzeko muga.
Arabako Ogasunak zabaldu duenez, neurriaren bidez Estatuko aurrekontu orokorraren legeak ezarritako muga berrietara egokitu nahi dute. Gauzak horrela, 2018ko uztailak 5etik aurrera, zerga-salbuespena duten sariak gaur egungo 2.500 eurotatik 10.000 eurotara aldatuko dira. Halaber, 2019an, ez dute zergarik ordaindu beharko 20.000 euro edo gutxiagoko sariak irabazten dituzten zergapekoek. Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek neurri berdina hartu dute.