Eredua aldatzea da helburua

Roberto Sanchez, Gasteiz 2018ko uzt. 16a, 14:25

Osakidetzako oposizioen iruzurra salatu duenetako bat da Roberto Sanchez anestesista. Gutun bat bidali du ALEAra:

Osakidetza hamaikagarren oposizio prosezuan dago. Hamaikagarrenez, medikuek plaza lortzeko frogetan publikotasunak eskatzen duen gardentasuna eta aukera berdintasuna faltan. Debagoieneko Ospitalean lan egiten dugun hiru anestesistok salatu dugu hau ESK eta Elkarrekin-Podemosen laguntzarekin. 

Galera bat bezala bizitzen ari da kolektibo medikoaren zati handi bat salaketa hau, oso normalizatuta baitago mediku ospitalarioen plazak sistematikoki nahieran banatzea. Sistema ezgarbi honetan eroso sentitzen diren horiek dolu prozesu batean murgilduta daude. Dolu prozesuak fase zehatzak ditu: ukazioa, haserre-amorrua, negoziazioa, depresioa eta onarpena. Eta horretan gaude.

 Ukazioa: salatzaileok bidegabekeria hau argitara ateratzeko oposizio-azterketak egin baino lehen geunden lanean, eta lankideen artean hasierako erantzuna beti berdina izaten zen: hori jakina da, baina ez duzue lortuko. Ekaina hasieran eskandaluak eztanda egin zuenean Osasun sailaren erantzuna borobila izan zen: hau ez da gertatzen ari, hau ez da inoiz gertatu.

Haserre-amorrua: dena ukaezina zela konturatu zirenean salatzaileoi buruzko gauza oso itsusiak hasi ginen entzuten, batez ere plaza espero zutenen ahotan jarrita: "Jendea zuek urkatzeko soka bila dabil", "Hobe ez bazara agertzen denbora luzean ospitale honetatik edo bestetik"... Aldi berean, Osakidetzak barne-ikerketa moduko zerbait jarri zuen martxan, zeinetan ikertu nahi zuten gauza bakarra salatzaileok ginela zirudien.

Negoziazioa: uztaila hasieran ebidentziek bortxatuta (eta Cospedalen estiloan) Osakidetzako zuzendariak aurpegia eman zuen froga batzuk errepikatuko dituztela esateko, akatsak "zuzenketetan" eta "azterketa ereduetan" egon direla argudiatuz, hau inoren ardura ez balitz bezala. Erabaki hau zalantzan dauden tribunalen hausnarketetan oinarrituta hartu omen du. Bitartean, Darpon jauna bere burua prestatzen ari da hau guztia estaltzeko. Horretarako, Oviedoko jakitun baten ondorioen atzean ezkutatuko da. Errege magoak gurasoak ez direla nola azaltzen digun entzuteko zain gaude.

Depresioa eta onarpena: fase honetara ez gara oraindik iritsi, baina ez bagara iristen gure esfortzuak ez du ezertarako balio izan. Ondorioak egon beharko lirateke: dimisioak eta auskalo justizia arruntak erabakitako zer kondena... Eta hori mingarria izango da, lotsatzeko modukoa, deprimentea. Baina depresio hori ez da gure helburua, onarpena baizik: eredua aldatzea ez badugu lortzen, gertatzen ari den hau guztia alferrikakoa izan da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago