Aldi baterako debekatu dute sua erabiltzea

Erredakzioa 2018ko uzt. 13a, 13:29

Suteak ekiditeko neurriak hartu ditu Aldundiak. PHOT.OK

Datozen asteetarako aurreikusitako beroaren aurrean, neurriak hartu ditu Arabako Aldundiak.

Arabako Nekazaritza sailak kautelazko aparteko neurriak hartu ditu hurrengo egunetan aurreikusitako beroaldiari aurre egiteko, eta sua erabiltzea debekatu du landa eremuan. Hortaz, ezingo da sua piztu mendi publikoetan zein partikularretan, natura parkeetan, aisialdirako parkeetan eta errepideetako atseden-guneetan. Debekua urratzen duenak mila eurora arteko isuna ordaindu beharko du, eta eragindako kalteei ere aurre egin beharko die.

Salbuespenez, parke hauetan dauden erretoki baimenduetan erabili ahal izango da sua: Andre Maria eta Mariseka parkeak (Aramaio), San Roke (Amurrio), Encina (Artziniega), Maroño, Garrastatxu (Baranbio), Zabalain (Legutio), Sorgimendi (Urrunaga), Santa Teodosia (Done Bikendi Harana), Ezpeldi (Herrera), San Gines (Bastida) eta Fresnedo (Santikurutze Kanpezu). Dena den, sua erabiltzeak dakarren arriskua saihesteko hainbat gomendio eman ditu Aldundiak.

Aldundiak argitu duenez, orain arteko euriek udako tenperaturak leuntzea ahalbidetu baldin badituzte ere, datozen asteetan aurreikusitako beroaren ondorioz, arriskua areagotuko da. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago