Carlos Marcoteren paisaietan barrena

Erredakzioa 2018ko uzt. 12a, 13:59

Carlos Marcote eta Estibaliz Canto, erakusketaren aurkezpenean.

Ibilbide profesional luzea egin du margolari aguraindarrak; formatu ezberdineko 140 lan ikus daitezke.

Montehermoso kulturuneko ur-biltegian Carlos Marcote artista arabarraren erakusketa ikusi daiteke irailaren 23ra arte. Formatu ezberdineko ehun eta berrogei lanek osatzen dute erakusketa. Gaien arabera multzokatu dituzte lanak ur-biltegiko hormetan: Arabako paisaia, erakusketaren protagonista nagusietako bat; landa ingurunea, non paisaia industrial eta urbanoak ere topa daitezkeen, eta senide eta lagunen erretratu ugari.

Carlos Marcote Agurainen jaio zen, 1950ean, eta Antonio Lopezen ikaslea izan zen, Madrilgo San Fernando Arte Ederren Akademian. "Harekin ikasi zuen begiratzen eta hasieran beste estilo batzuk probatu bazituen ere, laster egin zuen errealismoaren hautua. Eta orain haren pintura sorkuntzaz gozatzeko aukera dugu, haren koadroetan islatzen dituen giroen atmosferaz eta magiaz", azaldu du Estíbaliz Canto kultura zinegotziak.

Ibilbide profesional luzea egin du Marcotek, eta hainbat lekutan dituzte haren lanak: Artiumen, Reina Sofia museoan, Cuencako museoan —bertan bizi izan zen—, Filadelfian, Virginian…; hiri askotan egin ditu erakusketak.

Carlos Lalastra izan da erakusketaren komisarioa, Dani Castillejok idatzi du aretoko orria, eta Silvia San Miguelen musikak girotzen du. Uztaileko eta iraileko larunbat eta igandeetan bisita gidatuak eskainiko dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago