Bittor Kapanagak Arabako euskarari buruz jasotakoak gogoratuko dituzte

Erredakzioa 2018ko uzt. 11a, 16:41

2011n hil zen euskaltzale eta idazle otxandioarra. /Goiena

Euskaltzale eta idazle otxandioarrak egin zuen lana ezagutzeko bisitaldi bat antolatu dute.

Otxandioko jaien barruan, Bittor Kapagana euskaltzale eta idazleari buruzko bisitaldi bat antolatu dute larunbaterako, hilaren 14rako. Kapanagak egindako ekarpena ezagutzea du helburu saioak, eta horretarako ibilalditxo bat egingo dute herrian. Arlo askotan egiten zituen proposamenak, horien artean Araban hitz egiten zen euskarari buruzkoa, eta horiek ezagutarazi nahi dituzte. Udaletxetik abiatuta, 11:00etatik 13:00etara arteko bisitaldia egingo dute. 

Uzta oparoa utzi zuen Kapaganak. Besteak beste, Euskaldunon ikuskera liburua argitaratu zuen, arlo askotan ikuspegi txundigarriak eskainiz: euskaldunen erlijio zaharra, hiru zuhaitzen kultura (aritza, lizarra eta urkia), bi iberiak, egun eta hilabeteen izenak edota koloreen mundua aztertu zituen. Euskal kulturan, halaber, arlo askotan laguntzen ibili zen: Durangoko Azokan, kazetari moduan, kantagintzan … Berak idatzitako kantak, adibidez, Gontzal Mendibilek, Niko Etxartek, Josu Zabalak, Patxi Villamorrek edo Txomin Bengoak abestu zituzten. Euskera batuaren aldeko kantarik ezagunena ere, Araban bagare, berak idatzi zuen. 

2011n hil zenetik, hainbat ekitaldi egin ditu Kapanagazaleen taldeak Bittor Kapanagaren lanak ezagutarazteko asmoz, eta haren lanen inguruko liburu bat ere argitaratu du. Larunbateko bisita gidatuan izena emateko mikoletaelkartea@gmail.com helbidean edo 663 901 248 telefonoaren bitartez egin daiteke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago