Bostehunetik gora kexa, etxez-etxeko salmenten inguruko abusuengatik

Erredakzioa 2018ko uzt. 11a, 16:39

Bakarrik bizi diren adinekok dira abusuen biktima nagusiak. ALEA

Kontsumobidek ohartarazi du saltzaileek batik bat bakarrik bizi diren adineko pertsonengana jotzen dutela.

Etxez-etxeko salmenten abusuengatik 534 erreklamazio jarri zituzten arabarrek 2017. urtean, Kontsumobideren eta kontsumitzaileen elkarteen bulegoetan. Guztira, EAEn, 2.934 salaketa jaso ziren, aurreko urteetan baino %38 kexa gehiago.

Halaber, 2018ko lehen sei hilabetetan, dagoeneko, 1.465 erreklamazio, kexa eta salaketa jaso dira etxez-etxeko salmentekin lotuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Nora Abete Kontsumobideko zuzendariak ohartarazi du salaketa kopuruaren igoerarekin kezkatuta dagoela administrazioa baita saltzaileen hainbat jarduerarekin ere: "Oso jarduera kezkagarriak antzeman ditugu, saltzaileek batik bat bakarrik bizi diren adineko pertsonengana jotzen dutelako salmentak egiteko". Ildo beretik mintzatu da Gasteizko zinegotzi Peio Lopez de Munain, eta aipatu du Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoan, aurten, hogeita bat kexa jaso direla salmenta mota honen inguruan, "eta hamasei kasutan kaltetuak 65 urtetik gorako lagunak dira".

"Zuhurrago" jokatzeko eskatu du Kontsumobidek, atez ate saldu edo kontratatu nahi duten komertzialen aurrean: "Ezer erosi edo sinatu baino lehen, benetan beharrezkoa den pentsatu behar da eta, baiezkoa bada, merkatuko beste aukera batzuekin konparatu. Edonola ere, gure aholkua da gogoetarik edo lasai irakurri gabeko kontraturik ez sinatzea". Gainera, gogoratu dute ez direla eman behar datu pertsonalak edo bankuaren datuak. Dena dela, zerbait erosi edo kontratuak sinatzen dutenek atzera egiteko eta kontratua hausteko eskubidea dute. Atzera egiteko epea hamalau egun dira.

Antzemandako arazoaren harira, informazio-kanpaina bat martxan jarriko dute Kontsumobidek eta Gasteizko Udalak hurrengo egunetan. Etxez etxeko salmenta bisitetan gerta daitezkeen lau egoera azalduko zaizkie herritarrei: Osasunari lotutako produktuen salmenta; beste produktu batzuena, adibidez, entziklopediak, liburu bildumak, led bonbillak….; elektrizitate eta gas hornidura; eta gas azterketa faltsuak. Liburuxka bat argitaratuko da, eta kontsumoko bulegoetan, udal zentroetan eta osasun zentroetan banatuko da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago