Bihar, uztailak 12, irekiko da epea Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak (GOFE) 2017an deitutako enplegu publikoaren eskaintzan parte hartzeko izena emateko. Hautaketa prozesuetan parte hartu nahi dutenek 20 egun izango dituzte arauzko eskaera aurkezteko; hain justu ere, uztailaren 31ra arte, egun hori barne.
Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen enplegu publikoaren atariaren (www.araba.eus/ifbs/portalempleo/) bidez aurkeztuko dira eskaerak. Guztira, 167 plaza eskainiko dira.
Gazteriaren Foru Erakundean, 20 plaza
Bestalde, atzoko Gobernu Kontseiluan enplegu publikorako eskaintza baterako deialdia onetsi zuten; 20 plaza eskainiko dituzte Gazteriaren Foru Erakundean. Gaur egun, 58 langile ditu erakunde autonomoak. 2018an zehar, 12 lagun gehiago hartzeko hautaprobak egingo ditu, eta datorren urtean, beste zortzi.
Zerbitzu orokorrei dagokienez, honakoak dira eskainitako postuak: zerbitzu orokorretako teknikari bat, gazteria teknikari bat, zerbitzu orokorretako administrari bat eta gazteriako laguntzaile bat. Egoitzen apartatuan, ordea, Zuhatzako aterpeak ur jardueretako 6 espezialista behar ditu, muntaia eta zerbitzuetako 4 espezialista, kirol jardueretako espezialista bat eta txalupari bat. Barriako aterpetxean, bestalde, sukaldari eta garbiketako eta zerbitzuetako espezialista bana behar dira; eta Espejoko aterpetxean, zuzendari bat.