Hirugarren urtez, penintsulako ehun erakundek baino gehiagok bat egin eta karabana antolatu dute, Europako mugetan giza eskubideak urratzen direla salatzeko. Mugak Zabalduz Karabana Italiara abiatuko da aurten, "politika xenofobo hiltzaileak eta elkartasunaren kriminalizazioa salatzeko". Uztailaren 13tik 22ra arte egingo dute bidaia.
2016an Grezian izan zen karabana, Europako Batasuna eta Turkiaren arteko ituna salatzeko, eta Siriako gerratik ihesi zeudenentzat "joan-etorri segurua eta harrera duina" aldarrikatu zituzten. 2017an, berriz, kontzertinadun hesiak eta atzerritarrak barneratzeko zentroak salatu zituzten Melillara antolatutako karabanan; mugen arteko langileen lan-esplotazioa eta Marokorekin mugak esternalizatzeko akordioak ere mahai gainean jarri zituzten.
Aurten, uztailaren 13an, 300 bat pertsona Italiako hegoaldera abiatuko diraa, Euskal Herritik eta estatuko beste hainbat lekutatik. Ventimiglia, Sizilia eta Riacerako mugak bisitatuko dituzte. Gasteiztik, Mugak Zabalduz karabana, 08:45ean abiatuko da Europa biltzar jauregitik.