Gasteizko Festval telebista jaialdiak irailean ikusi ahal izango denaren aurrerapena eta kartela erakusteko agerraldia egin dute gaur Joseba Fiestras jaialdiko zuzendariak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak. Irailaren 3tik 9ra bitartean, Espainiako telebistako saio nagusiak aurkeztu eta profesionalekin hainbat mahai-inguru izango dira. Udalaren 190.000 euroko aurrekontua izango du jaialdiak.
Hamar urte beteko ditu jaialdiak, eta hori ospatzeko Telebistaren jaia prestatzen ari dira irailaren 8rako. "Festval jaialdiari esker, Gasteiz erreferentziakoa bihurtu da ikus-entzunezko sektorearentzat hamar urte hauetan. Hamargarren edizioa lortutako arrakastaren aitorpena izatea nahi dugu", nabarmendu du Urtaranek. Aurreratu dutenez, Mendizorrotza kiroldegian izango da, Luis Larroderak aurkeztuta, eta hainbat musika talde igaroko dira bertatik: Go!azen, OT eta Ole Ole-kantariak izango dira, besteak beste.
Mahai-inguruak
Aurtengo jaialdiaren beste atal garrantzitsu bat profesionalei zuzendutako programazioa izango da. Horren barruan, besteak beste, Gasteizek ikus-entzunezko ekoizpenak garatzeko dituen aukerak aztertuko dituzte, eta ikus-entzunezko lanetan musikak duen garrantziaz arituko dira beste mahai-inguru batean. Telebista programetarako umore-gidoiak eta efektu bereziak ere izango dituzte solasgai.