Giro eguzkitsuak lagunduta, goizeko hamarretan ekin zioten ibilbideari Uribarriko pantanoan lasterketako modalitate ezberdinetan parte hartzen zuten 2.598 lagunek.
Aurtengo edizioa, orain arte ospatutakoen artean nazioarteko partaidetza handiena izan duena izan da, 38 herrialde ezberdinetako atletak izan baitira.
Antolakuntzak ia milioi bat euroko inbertsioa egin du lasterketa antolatzeko lanetan, horietatik 165.000€ izan dira instituzio publikoen ekarpena, eta lurraldean izan duen eragin ekonomikoa 7 milioi eurokoa izan daitekeela esan dute. Asteburuan zehar 22.000 lagun baino gehiago izan dira Araban lotan, eta horietariko batzuk hemendik kanpo hartu behar izan dute ostatu, bertako gela guztiak beteta egon dira eta.
Sailkapena
Distantzia luzean lehiatutako atletek 1.900 metro egin behar izan dituzte igerian, 93 bizikleta gainean eta bukatzeko 21 kilometro lasterka. Guztien artean azkarrena 41 urteko Alejandro Santamaria izan zen, 8 ordu 17 minutu eta 5 segunduko marka ezarrita. Bere atzetik, bi minutuko aldea bakarrik galduta, Xavi Torrades helmugaratu zen eta hirugarren tokian Raul Tejada (8:22:23).
Emakumezkoen sailkapena Sonja Skevinek bereganatu zuen, 9 ordu 29 minutu eta 4 segunduko denborarekin. Bigarren postua Vanessa Pereira (9:33:36) portugaldarrak eskuratu zuen eta podiumeko hirugarren koska Ruth Brito (9:34:14) kanariarrarentzat izan zen.
Distantzia erdikoan aldiz, George Goodwin (3:53:18) eta Judith Corachan (4:23:53) izan dira lehen sailkatuak.