Arabako herrietako jaietan ematen diren eraso matxistak salatzeko eta erasotzaileei aurre egiteko, oinarrizko gidak prestatu ditu mugimendu feministak; Laudioko Bagara Nor talde feministak eta Lautadako Inguma neska gazte taldeak udako jaietarako oinarrizko protokoloak aurkeztu dituzte.
Laudioko Bagara Nor talde feministak azaldu duenez, hilabete luze eman dituzte eraso matxisten aurkako protokoloan jazotako neurriak zehazten: "Hala ere, ez da dokumentu itxi bat; erabili ahala sortzen diren beharren arabera aldatzen joango gara".
Bestalde, Aguraingo Inguma neska gazte taldeak udako jaietarako Gida Feminista aurkeztu du. Lan hau iaz hasi zuten: "Herri nagusietan neska gazteok feminismoaren inguruan kontzientzia izan arren, eraso bati erantzuna eman, eta antolatzerako orduan, hartu behar diren neurrien inguruan akatsak egiten ziren. Akatsak izan ziren, edo ez ginen ondo antolatzen jakin", azaldu dute. Horregatik planteatu dute gida hau: "Oso oinarrizkoa den protokolo bat" bezala definitu dute, eraso bat zer den, eta zeintzuk diren eman beharreko urratsak jaso dituzte.
Egun, eraso sexisten aurkako telefonoa martxan ez izan arren –hurrengo asteetan izango dute prest–, unean-uneko asistentzia eskaintzeko prest egongo da Lautadako mugimendu feminista. Herri bakoitzeko jaiak hasi aurretik, jai batzordeko emakumeekin eta txosnetako barran lanean egongo direnekin bilduko dira, gida elkarbanatzeko asmoarekin. Jai guztietan taberna eta txosnetako barra guztietan eskuragarri egongo dira gidak.
Morez, Gasteizko jaietan
Mugimendu feministaz gainera, zenbait udalek ere neurriak iragarri dituzte eraso matxistei aurre egiteko, eta herritarrak kontzientziatzeko. Hala, Gasteizko Udalak indarkeria matxistari erantzuteko udal protokoloa birdefinitu du, eta Kultura Zerbitzuak berdintasun klausulak ezarri ditu blusa eta neska taldeentzako diru-laguntzen deialdian.
Halaber, hiriko jai guneak kolore morez margotuko dituzte, morez argiztatuko dituzte hiriko hainbat eraikin, eta kontzertuetako agertokietan eta beste leku batzuetan ere jarriko dira indarkeria matxistarik gabeko hiria aldarrikatzeko pankartak. Era berean, abuztuaren 4an, Andre Maria Zuriaren plazara joango diren herritarrei kolore moreko jantzi edo objekturen bat eramatea eskatu die Udalak.
Aurten ere, Gasteizko jaietan, Beldur Barik informazio-lekua jarriko da, Posta eta Agirre Lehendakariaren kaleen arteko bidegurutzean, indarkeria matxistaren prebentziorako materialez hornitua. Aurten, berritasun gisa, indarkeria matxistarik gertatuz gero, hasierako esku-hartzerako laguntza eta baliabideak eskainiko dira leku horretan, Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuarekin eta Udaltzaingoarekin koordinatuta. Informazio gunea abuztuaren 4tik 9ra arte egongo da zabalik, 17:00etatik 23:00etara.
Informazio-lekua ez ezik, Udalak arreta emateko eta salaketa egiteko bi telefono baliatuko ditu, 24 orduz: 945134444 (Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua) eta 092 (Udaltzaingoa).