"Poseaz aspertuta, mamia botatzen dut faltan musikan"

A. Amenabar/ E. Anda 2018ko uzt. 6a, 10:34

Hamasei urterekin sortu zuen lagun batzuekin Ameba taldea, eta geroztik euskal rock eszenan erreferente izan diren taldeetan aritu da Joseba Baleztena (Bera, Nafarroa, 1984). Gitarra menderatzeko grina atzean utzi, eta egun musikan sakontzeko ahaleginetan dabilela azaldu du. Esku artean, Joseba B. Lenoir proiektuarekin kaleratutako azkeneko lana, Gasteizen aurkeztu berri duten Erraia zigiluaren barruan.

 

Lan berria aurkeztu duzu, bi kantarekin: 'Haiek izorra nahi haute' eta 'Kantu odolustuen bluesa'. Zer erakusteko gogoz?

Alde batetik, bertsio bat nuen prest, Australiako Spencer P. Jonesen abesti batena, eta hortik etorri zen singlea ateratzeko ideia. Beste alde batetik, banuen gogoa zerbait berria idatzi, grabatu eta erakusteko. Disko oso bat egiteko denborarik ez nuen, eta pixka bat nire arra baretzeko modua izan da. Bide batez, aspaldian nuen buruan nire diskogintzan bide paralelo bat irekitzeko; halako bertsio edo gauza ezohikoekin esperimentatzeko, diskoetan sartzen ez direnekin. Ideia aske bat bezala eta dosi txikietan plazaratzeko gogoa nuen.   

Hainbat proiektutan zabiltza orain –Joseba B. Lenoir, Mice eta Sumision City Blues–. Esparru ezberdinetara heltzeko modua da?

Alde batetik, bakoitzak esparru bat asebetetzen du, musikaren esparru bat, eta gero aunitzetan bideetan gurutzatzen dira bata eta bestea, eta polita eta aberasgarria da hori. Askotan pentsatu dut, beste alde batetik, bolada batean nik nire proiektua egingo nukeela, baina musikan dagoen egoera prekarioarekin ezin da egin. Eta, hala ere, hainbat proiektu osatu behar dituzu gutxieneko soldata prekario bat irabazteko. Arrazoi horiengatik nabil hainbat proiektutan, baina egia da gustatzen zaidala batetik bestera ibiltzea.

Lehentasuna zure proiektuak du?

Eman izan diot, baina oraintxe bertan ez du lehentasuna nireak, egia esan. Taldeak martxan daudenean saiatzen naiz lehentasunik ez ematen. Gertatu izan zait talde batean egoteagatik beste bati lehentasuna kendu behar izatea, eta horrek pila bat frustratzen zaitu.

Disfrutatu duzu sorkuntza prozesuarekin?

Azkeneko honetan pixka bat arraroa izan da, gauza pila batean egon naizelako murgilduta, eta denborarik batere gabe. Hau izan da grina sentitzea, horri ahal izan diodan moduan heltzea, idaztea eta grabatzea. Normalean, sortzeko prozesuan, grina hori inportantea izaten da niretzat. Halako bulkada bat izaten da, eta horri ezin diot eutsi; edozein momentutan etortzen zait, ezin dut burutik kendu abestia, eta bilatu behar dut momentua eseri, lan egin eta horri forma emateko, bestela kristoren ezinegona sortzen zait. Ez naiz gela batean sartu eta hainbat ordu egoten den horietakoa, gehienbat bulkadaka egiten dut, esertzeko lan hori beranduago egiten dut, grabatzerakoan. Bidean datorkidan ideia oro apuntatzen dut eta horrekin koaderno bat osatzen joaten naiz.

Hamaika agertoki, hamaika talde. Nolakoa izan da bilakaera? 

Arraroa da. Batzuetan gertatu izan zait aditzea grabatu genuen lehendabiziko maketa, Ameba taldearekin... eta pentsatzen dut gitarra orain beharbada ez dudala hain ongi jotzen. Beste batzuetan, kontrakoa; kontziente naiz ikasi dudala eta musikari bezala pila bat hazi naizela. Hasieran dena zen niretzat gitarra eta kristoren gitarreoak egitea, eta urteekin gehiago joan naiz musikan sakontzen; miresten dut gitarrista on bat bezainbeste abesti on bat edo produkzio on bat. Musikari bezala ikasi dut, zentzu zabalago batean. Faseak izaten dira, hala ere, animoaren araberakoak. Batzuetan atzera begiratzen dut eta ez dakit asko ikasi dudan. Galdu dudana inozentzia da, hori bai, hainbeste urte eta hainbeste esperientzia bizi eta gero, aurrera ateratzen ikasi dut... musikaren argi eta ilunetan nire burua defendatzen ikasi dudala uste dut.

"Kantu odolustuak", "airea saltzen", "arrakastaren bila arrastaka"... Musikaren itxurakeriaren inguruko kritika dirudi. 

Bai, hortxe... Pixka bat aspertuta nago azken urteetan musikaren inguruan dagoen pose guztiaz, eta faltan botatzen dut aunitzetan mamia. Ikusten ditut taldeak kristoren diskurtsoarekin, baina pixka bat hurbiltzen zara eta ikusten duzu diskurtso horrek ez duela oinarririk ekintzetan; pose bat da, eta horrekin nekatuta nago azkenaldian. Frustrazio horien liberazio bat...    

Nola dago inguruko musika eszena?

Ez dakit eszenarik existitzen den ere. Ez dut ikusten taldeen artean elkarlan bat egiazkoa, fisikoa, bertatik bertarakoa. Talde bakoitza bere lokalean eta bere etxean lanean ikusten dut; aunitz kanpora begira baina beti sare sozialen bidez, promozio bidez. Bakoitzak bere kontuak saltzen ditu eta ez da eszenarik.

Garai batean bizi izan zenuen hori?

Esango nuke baietz. Ez dakit, igual idealizatuta dut. Ez naiz batere nostalgikoa, baina ni hasi nintzenean musikan gauzak gertatzen ziren errepidean, eszenatokietan, kontzertuen ondotik; noski, ez zen sare sozialen eztandarik gertatu oraindik. Harremanak egitea gero eta zailagoa dela iruditzen zait, birtualki ez bada... Nik musikaren inguruan ezagutu dudan jende gehiena garai hartan ezagutu nuen, bertatik bertara; horrela beti dago aukera gehiago kolaborazioak sortzeko, orohar sorkuntzari aukerak emateko, gauzak gertatzeko. Uste dut orain gehiago bakoitza bere kontura dagoela, eta kolaborazioak egiten direnean hagitz aurrez pentsatutakoak eta saltzera begira direla: hau honekin elkartuko dugu...

Erraia izeneko zigilua aurkeztu duzue, Montauk eta Izaki Gardenak taldeekin batera. Elkartzeko beharrak batu zaituzte? 

Gasteizera ailegatu berria nintzen urte hasieran eta beste aukera bat zen gauzak gertatzeko, musikarien artean elkartzeko. Elkartu garenak Gasteizen dugu gaur egun "operazio zentroa" eta euskaraz aritzen gara hiru taldeak. Bide berriak irekitzeko aukera bezala ikusten dut. 

Nola aurkitu duzu Gasteizko kultur mugimendua?

Lur hartzen ari naizela iruditzen zait oraindik, baina uste dut aukera ugari eta mugimendua dagoela, kalean, lokaletan, agendak ikusterik besterik ez dago. Kulturak orokorrean, halere, arreta galdu duela iruditzen zait eta mila arrazoi okurritzen zaizkit; irrati eta telebista publikoetatik hasita, kirolei irratian eskaintzen zaien denboragatik bakarrik normala da jendeak arreta horretara bideratzea.

 

"Bizitza eskola bat da Sumision"

Aldiro entzuten duzun disko bat? 

Azkenean beti bueltatzen naiz Hendrixen diskoak entzutera.

Liburu bat? 

Jack Kerouac eta William Burroughsen And the hippos were boiled in their tanks.

Bartzelona.

Musikalki bakardade nahiko handian sentitu nintzen, eta horregatik eskerrak eman behar dizkiot, bakarko ibilbidearen hasiera zelako.

Joseba Irazoki. 

Maisua. Nire irakaslea izan zen, eta gitarra modu zabal batean ezagutu nuen harekin.

Sumision City Blues.  

Rock and roll eskola bat, eta bizitza eskola bat. Beti ari naiz ikasten beraiekin.

Txistua. 

Jotzen ikasi nuen lehenengo musika tresna. Disko baterako berreskuratu nuen, baina erdi brometan. Gogoa dut txistuarekin beste modu batean esperimentatzeko. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago