'Interrupted' eta 'Sherezade eta tipularen azalak' batu dira Araiako jaialdira

Erredakzioa 2018ko uzt. 5a, 18:12
'Sherezade' lana ekarriko du Vaiven taldeak Araiara. /Vaiven Producciones

Arrazpi Berri kiroldegiko programazioa betetzen doa; Faemino y Cansado ere izango dira umore jaialdian.

Lehenengo ikuskizuna ezagutu eta gero, umorea eta oholtza uztartzen dituen Faemino y Cansadorena, osagai asko geratzen dira oraindik Araia-Asparreneko Umore Antzerkiaren Jaialdiaren 25. edizioa osatzeko. Bi gehiago batu dira gaur barneko programaziora; Teatro En Vilo konpainiak Interrupted antzezlana aurkeztuko du, eta Vaiven Producciones konpainiak Sherezade eta tipularen azalak.

Araiako Jaialdiak 25 urte betetzen baditu, Vaiven Producciones konpainiak 20 daramatza oholtzan. Konpainia euskaldunak Arrazpi Berri kiroldegian Sherezade eta tipularen azalak lana aurkeztuko du, Miren Tirapu, Iraia Eliias eta Xabi Donosti aktoreen eskutik. Sherezadek bezala, kutsu surrealistadun ipuin honetako pertsonaiak euren patua elikatzen duen istorioa kontatzera datoz. Antzezlanak emakumearen inguruan hausnartu nahi du, familia harremanen inguruan, bikoteen unibertsoaren inguruan, baina baita lan munduko arau itogarrien inguruan ere.

Londresen sortua eta egun Madrilen jarduten duen Teatro En Vilo proiektuaren eskutik helduko da Araiara, bestetik, Interrupted lana. Noemi Rodriguez, Andrea Jimenez, Ariana Cardenas eta Esther Ramos eskarmentu handiko taldekideak dira, ikuskizuneko protagonistak. Inprobisatutakoa eta koreografikoa, bitxia eta autobiografikoa, umore absurdoa eta keinuen bidezko komedia batzen dituena taularatuko dute.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide