Martxan da uztailaren 1etik Euskarabentura espedizioa. Lehen egunetan Iparraldeko lurretan ibili ostean, hilaren 4an, Nafarroan sartu ziren. Hasiera batean, Pirinioak zeharkatuz heldu behar ziren Auritzera, baina ekaitzak iragarrita zeudenez, autobusez egin zuten oinez egitekoa zen ibilaldia.
Uztailaren 31ra arte luzatuko da espedizioa. Denbora tarte horretan, guztira, 783 kilometro egingo dituzte Getxoraino heldu arte; horietatik, 483 beteko dituzte oinez.
Arabara hilaren 12an egingo dute jauzia, Donemiliaga Kukula (Errioxa) bisitatu ostean. Zehazki, Añanan egingo dute lehen geldiunea; gatzaga ikusiko dute bertan. Hurrengo egunean, Argantzunera joko dute, eta han ikastola bisitatuko dute eta Arabako egoera sozilinguistikoa ezagutzeko aukera izango dute. Hilaren 14an hiriburua izango dute helmuga; Gamarrako igerilekuetan freskatu ostean, Aroa Arrizubieta eta Manu Bendala bertsolariekin batera hirian barrena ibiliko dira.
Trenez egingo dute hurrengo egunean Gasteiz eta Agurain arteko bidea. Lautadan, besteak beste, Badaiotz sokatira neska taldea ezagutuko dute, eta 75 Orduz Euskaraz ekimeneko ordezkariekin Euskaraldiari buruzko dinamika egingo dute. Uztailaren 16an motxilak hartu eta Zerainerako bidea hartuko dute, Araba atzean utzita.
Esan bezala, 140 lagunek osatzen dute taldea: 16 eta 17 urte arteko 110 gazte eta 30 heldu. Gazteen artean, %13 da arabarra; hain justu, 14 gazte. Samaniego, Gasteiz, Agurain, Araia edo Audikanako ikastetxeetako neska-mutilak daude tartean