Gaur egun, medikua duen mota horretako bi anbulantzia daude herrialde osorako: horietako bat Gasteizen dago; eta bigarrena, Laudion. Emergentzietako langileek azaldu dutenez, Aiaraldekoak Bizkaian egiten ditu zerbitzuen %80a; eta Gasteizen dagoenak hiriburuko 280.000 herritarrentzako zein gainerako herrialde osorako estaldura izateaz gain, bestelako zereginetarako ere erabiltzen dela salatu dute.
Aipatu dute erizainarekin doan beste bi ZIU mugikorrek eskaintzen dutela Araban zerbitzua; hain justu ere, Gasteizen eta Amurrion. Laudiokoarekin gertatzen den bezala, azken hori ere kasu gehienetan Bizkaia aldean mugitzen dela kritikatu dute.
Osasunaren Mundu Erakundeak ZIU mugikor bat gomendatzen du 120.000 biztanleko; hori horrela, Araban bitarteko nahikorik ez dagoela ondorioztatu dute langileek, eta herrialdean modalitate horretako hirugarren unitate bat eskatu dute. Horrekin lotuta, azpimarratu dute emergentzia kasuetan "denbora" dela garrantzitsuena: "Gaixoaren biziraupen eta bizi kalitateari begira, funtsezkoa da lagun hori egonkortzeko artatzen behar dugun denbora".
Iruña Okako parkean
Horretarako kokapena ere proposatu dute: Iruña Okan inauguratu berri den suhiltzaileen parkean. Langile horien esanetan, esandako osasun baliabidea hartuko lukeen gela bat dago han erabilgarri. Arabako Suhiltzaileak zein Langraiz Okako Udala kokagune horren alde agertu dira dagoeneko.