Gasteizko Udaleko laborategiak egindako analisiek baieztatu dutenez, legionella izan da Bakh kirol-instalazioan. Ekainaren 20an jakinarazi zuten hirian legionella agerraldi bat izan zela, eta gaixo zeuden lagunak kirol instalzio horretako bazkideak zirela.
Egun horretan bertan Bakh-eko ur beroaren lagin batzuk hartu zituzten, eta emaitzek positibo eman dute; hala jakinarazi diete kirol-instalazioaren jabeei eta Jaurlaritzako Osasun sailari.
Legionella agerraldiaren berri izan bezain laster hainbat neurri hartu zituzten; besteak beste, kirol-instalazioa garbitu, itxi eta ur hotzean tratamendu berezia jarri zuten. Neurri horiek eraginkorrak izan ote diren jakiteko, datorren astean beste lagin batzuk hartuko dituzte udal teknikariek.