Guztira, 660.000 euro inbertituko ditu Foru Aldundiak Arabako errepideetako segurtasuna hobetzeko. Inbertsio horien lehenengo lanak Okondon eta Menagarain egingo dira. Hala, abiadura murrizteko hainbat lan egingo dituzte bi herri horietan. Lanak aurten hasi eta 2019an bukatuko dituzte. Izan ere, zazpi hilabeteko epea aurreikusten dute inbertsioa gauzatzeko. Eginkizunen artean, seinalizazio bertikala zein horizontala indartuko dituzte ibilgailuen abiadura moteltzeko, zeharkako bandak jarriz, besteak beste.
Foru Gobernu Kontseiluan onartutako inbertsio planaren barruan aurreikusita dago jada abian dagoen Berantevillan N-124 eraberritzea, edo N-240 errepidean, Legutio eta Ollerieta bitartean, egingo den konponketa.