Arabako Foru Aldundiak odonatuen lehenbiziko atlasa argitaratu du, eta Araban bizi diren burruntzi eta sorgin-orratzen 51 mota jaso ditu. Jose Antonio Gainzarainek egin du mapa berria, eta hamar urteko lanaren ostean kalitate handiko argazkiak, mapak eta aipamen eguneratuak bildu ditu. Koloretako 165 orrialdetan xehetasun handiz jaso ditu Araban bizi diren hainbat burruntzi eta sorgin-orratzen espezieak.
Horien artean, nabarmentzekoa da Aeshna isoceles edo begi berdeko burruntzia, bakarrik Caicedo Yusoko lakuan bizi dena. Halaber, harrigarria izan da egilearentzat Brachytron pratense edo udaberriko burruntzia mila metroko altuerara dagoen Entziako mendilerroan topatzea, beti itsaso ondoan bizi ohi den burruntzia baita. Bestalde, Trithemis Kirbyi burruntzi txikiaren berri jaso du odonatuen mapak; gorrimin bizi kolorekoa da espezie hau, oso arrunta Afrikan, eta 2016ko abuztuan ikusi zuten lehenbiziko aldiz, Ebro ibaian, Mañuetan.