Milioi bat eurotik gorako zorrak dituzte 42 zergadunek Ogasunarekin

Erredakzioa 2018ko eka. 29a, 13:00

Arabako Foru Ogasunaren eraikina. ALEA

Guztira, 122.672.226 euroko zorra dute; besteak beste, Ros Casares eta Urco & Urbasa enpresak ageri dira.

Milioi bat eurotik gorako zorrak dituzten berrogeita bi zergadunek osatzen dute Arabako Foru Ogasunak gaur argitaratu duen zerrenda. Guztira, 122.672.226 euroko zorra dute Aldundiarekin hogeita hemeretzi enpresak eta hiru norbanakok.

Iazko ekainean egindako azken argiltalpenari beste hiru zergadun gehitu zaizkio aurten, eta horiek guztira 11,8 milioiko zorra gehitu dute. Bestalde, desagertu egin da iazko zerrendako zordun nagusietako bat. 

Araban zergadun handiena Ros Casares izeneko industria talde valentziarra da; horretan biltzen dira Goya Sesenta y Nueve S.L, higiezinen enpresaren 16,6 milioi euroko zorra, Ros Casares Centro del Acero S.L lantegiaren 10,2 milioi euroko zorra, eta Corporacion Ros Casares S.L.ren 4,4 milioi euroko zorrarekin.

Ros Casares taldea altzairuaren alorrean erreferentzia nagusietako bat izan da Espainiako Estatuan; urtean 720 milioi euro fakturatzen zituen eta mila langiletik gora zituen fabrika ugaritan. Gasteizko Jundiz eta Ehariko industrialdeetan hiru lantegi zituen Ros Casares taldeak, eta  275.000 tona altzairu ekoizten zituen urtero. 2013 eta 2014 urteen artean ehunka langile kaleratu zituzten taldearen enpresek.

Halaber, zordun nagusien artean daude Urco & Urbasa enpresa elkartea, 10,4 milioi euroko zuloarekin, eta Eguren Vitoria S.A, 9,2 milioi euroko zorrarekin. 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago