Mondragon Unibertsitatean ikus-entzunezko ikasketen hirugarren maila bukatu berri du Egoitz Diaz Ibargoitiak (Gasteiz, 1997), baina, dagoeneko, hainbat film labur grabatu ditu. Argi dauka zinemagintzan aritu nahi duela. Oihaneder Euskararen Etxeak bultzatutako Gazte Sortzaileak bekaren bosgarren edizioari esker, Atabala eta euria izeneko lana grabatu du.
Nola hasi zinen zinemagintzan?
Unibertsitatera joan nintzenean, bertako hainbat ikaslerekin batera grabaketak egiten hasi nintzen. Orain, lau bat lagun ari gara horretan, baina, proiektuaren arabera, jende gehiago batzen zaigu. Hainbat lehiaketatan sariak irabazi ditugu: Artium museoak antolatzen duen Zine Express lehiaketan eta Durangoko Azokan izaten den Kameratoian sariak irabazi ditugu.
Orain arte fikzioa jorratu duzu. Zergatik?
Fikzioak errealitatera jauzi egiteko aukera eskaintzen duelako: modu horretan, errealitatearen irakurketa txukuna egin daitekeela iruditzen zait. Orain arte, adibidez, emakumeen eskubideak edota euskararen egoera landu ditut, fikziotik abiatuta. Etorkizunean ere fikzioa lantzen jarraitzeko asmoa dut.
Zineleku egitasmoan ere parte hartu duzu. Nolako esperientzia izan da?
Oso interesgarria. Batetik, ikus-entzunezkoen inguruko interesa duten lagun berriak egiten dituzulako bertan, eta, bestetik, profesionalekin lan egiteko aukera dagoelako; haiekin batera ikastea oso lagungarria da.
'Gazte sortzaileak' bekari esker film labur bat egin berri duzu...
Hala da. Lagun batek Joseba Sarrionandiaren Atabala eta euria liburua utzi zidan, eta, batez ere, liburuari izena ematen dion istorio laburra asko gustatu zitzaidan. Amona baten eta bere ilobaren arteko istorioa kontatzen da bertan, eta atabala da, hain zuzen, bizitza aldatuko dien elementua. Istorioa berez drama bat da, baina nik bereziki fantasia eta euskal mitologia gustuko ditudanez, nire erara egokitzea bururatu zitzaidan, drama fantastikoa bihurtuz. 12 minutuko film laburra da, eta maiatzean Oihanederren estreinatu genuen.
Noiz ikusi ahal izango da filma?
Momentuz ez dugu plazaratu, zinema jaialdietara bidali behar dugulako. Halako produktu bat egiten duzunean, beti zalantza berdina sortzen zaizu, eta zaila da asmatzea: jendeari zabalduz gero, berehala publiko zabal batengana iristeko aukera duzu, baina ezingo zenuke aurkeztu jaialdietara. Normalean, film labur baten bizitza bi urtekoa da jaialdietan; gero zabaldu ahal izango dugu.
Lan asko ematen al du halako film labur bat grabatzeak?
Bai, prozesu luzea da. Atabala eta euria grabatzeko ideia duela urtebete edo abiatu zen, baina grabatu baino lehen zazpi hilabeteko aurre-produkzioa egin behar izan dugu. Jendea askotan konturatzen ez bada ere, denbora asko behar da film batean beharrezkoak diren gauzak antolatzeko. Grabaketaren egunean den-dena prest izan behar duzu; egun horretan zerbait prest ez badago, akabo.
Nolakoa izan da grabaketa?
Hamabost bat lagunek parte hartu dugu. Filmaren zati bat Otzarretako basoan [Zeanuri] grabatu dugu. Errementari filma grabatu zen toki berdinean, hain zuzen. Inguruneak oso ukitu fantastikoa ematen dio istorioari. Egun horretan, tamalez, lainorik ez genuen izan. Hurrengo egunean Lagako hondartzara [Ibarrangelu] joan ginen grabatzera, eta bertan haizeak arazo dezente eman zigun. Bestalde, soinu banda propioa izateko zortea izan dugu. David Juarez Gasteizko musikaria prest azaldu zen soinu banda egiteko, eta filmean funtsezkoa izan da, ehuneko berrogeita hamarra musika baita.
Aro digitalarekin batera aldaketa asko izan dira ikus-entzunezkoen alorrean. Nola ikusten duzu etorkizuna?
Zinema komertzialari dagokionez, gero eta gehiago, online kontsumitzen da, plataforma digitalen bitartez, eta horrek gauzak zaildu ditu. Kontuan izan behar da film bat egitea oso garestia dela: ekipo teknikoak diru asko balio du, eta jende askok parte hartzen du prozesuan; askok modu boluntarioan lan egin behar dute, gainera. Zorionez, orain Euskal Autonomia Erkidegoan gero eta laguntza gehiago ematen ari dira, baina ez da nahikoa. Baina, bide zaila izanda ere, honetan jarraitu nahi dut. Orain, unibertsitatean Stendhal izeneko beste film labur bat egiten ari gara. Graduko ikasketak bukatzean, master bat egitea gustatuko litzaidake, zinemagintzan sakontzeko.