Odol-premiak ez du oporrik hartzen

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko uzt. 2a, 12:33

Txemi eta Asier Ocio, Arabako Odol-Emaileen Sustapen arduradun Aiala Erlorzarekin hitz egiten. E.U.

Uda partean %30 eta %50 artean jaisten da odol-emateen kopurua. Kanpaina berezia abian jarri dute Arabako Odol Emaileen elkartetik, oporretara joan aurretik jendea odola ematera hurbildu dadin.

Trebiñuko Txemi eta Asier Ocio, aita eta semea, Olagibel kaleko 4. solairuan dagoen odola emateko gunera hurbildu dira goizean, eta esku-ohe batean daude, etzanda. Zentroko medikuaren kontrola pasatu dute, eta erizain bat odola ateratzeko hodiak jartzen ari zaizkie. Berriketan daude, lasai. Badakite hamar minutuko kontua besterik ez dela. Gero, ura eta jateko zerbait eskainiko dizkiete, eta oporrak hartuko dituzte. Urrian itzuli ahal izango dira berriro.

Odol-emaileen zentroan lau esku-ohe daude aferesiak egiteko, eta beste lau odola emateko. Tokia soberan dago. Inoiz ez da ilararik sortzen. Are gutxiago uda partean, odol beharrak handitzen badira ere, odol-emateek behera egiten baitute. Aiala Elorza Sarasola Arabako Odol-Emaileen Sustapen arduradunak ohartarazi duenez, urtero gauzak konplikatu egin ohi dira uztailean eta abuztuan. Urtean zehar ikastetxeetara eta enpresetara hurbiltzen da unitate mugikorra, baina udan institutuak eta lantegiak ixten dituzte; gainera, "oporretara goaz eta ahaztu egiten zaigu odola eman behar dugula". 

Datuetan islatzen da beherakada: uztailean %30 behera egiten du odol-emateak eta abuztuan %50. Alta,"Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleen beharrei erantzuteko egunean 400 donazio behar dira", eta udan ez da kopuru hori betetzen.

Uda partean bezala, Gabonetan, Aste Santuan edo San Prudentzion ere donazioak murriztu egiten dira. Angel Sierra doktorea eta Arabako unitateko mediku-arduradunak adierazi duenez, garai kritiko bat izan zuten urtearen hasieran, gripeak goia jo zueneko unea Gabonetako oporrekin batera gertatu zelako, "baina normalean gure odol-emaileek oso ondo erantzuten dute". Izan ere, kasu horietan telefono bidezko mezu bat bidaltzen diete odol-emaileei, eta berehala hurbiltzen dira zentrora.

Unitate mugikorrarekin ahalegin berezia egiten dute abuztuan. "Gasteizko jaietan izango gara, Posta plazan, Santiago bezperan, eta abuztuaren 3an eta 7an. Gasteiztik kanpo unitate mugikorra Araba, Otxandio eta Deba Goieneko herrietara hurbilduko da, uda partean ere". 

Iraungitze data du odolak

Ociotarrek odola ematen bukatu dute, baina adi jarraitzen ari dira Elorzak odolaren osagaien iraugitze datari buruz ematen ari den azalpena. Aita-semea harrituta daude. "Ez nekien horren bizitza laburra zuenik odolak", aitortu du Asier Ociok. 

Motza da, bai. Sierra doktoreak azpimarratu duenez, Arabako unitatean jasotzen duten odoletik hiru osagai ateratzen dira: plaketak, plasma eta globulu gorriak. "Globulu gorriak 45 egunez kontserbatu daitezke hozkailu batean, plaketak dira hauskorrenak, astebete kontserbatu daitezke 20-22 gradutako giro-tenperaturan eta beti mugimenduan, eta plasma -80 gradutan gorde daiteke, bi urtez".

Hortaz, inoiz ez dago odolik soberan: "Hemen jasotzen dugun guztia erabiltzen da. Denetarik behar da, guretzat egokiena izango litzateke jende gazte gehiago izatea, denbora luzeago izango direlako odol-emaileak".

Olagibeleko anbulatoriotik Galdakaoko Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrora bidaltzen dute jasotzen duten odola, egunean birritan: "Oso zabalduta dagoen ustea da pertsona bati ateratzen diogun odola beste bati jartzeko dela, baina ez da egia. Berez, transfusioez gainera, kimioterapia eta erradioterapia tratamenduetan ere erabiltzen da odola, giza-ehunen birsortzerako, ebakuntzak egiteko, botikak egiteko…".

Aferesien garrantzia

Tratamendu horietan guztietan aurrera egiteko, odolaren osagaiak ahalik eta kontzentratuen izatea inportantea da, eta horregatik, hain zuzen, odol-emate arruntaz gainera, aferesiak egiten dituzte anbulatorioan. "Aferesi batean ateratzen dugun plaketa kopurua lortzeko bost edo sei odol-emate arrunt egin behar ditugu", azaldu du Elorzak. Ordu erdi edo ordubete eman behar du odol-emaileak esku-ohean etzanda; hortaz, sarritan esperientzia duten lagunak aukeratzen dituzte aferesi tratamendua egiteko.

Odola ateratzen den momentuan bertan osagaiak bereizi egiten dira aferesian, eta, horrela, emaileei odol guztia atera beharrean, osagai bat edo bi bakarrik ateratzen zaie, momentuan behar dena. Zerbitzuko mediku arduradunak zehaztu duenez, hori da egun zerbitzuaren muina.

Odolaren osagai bakoitzak badu bere helburua: hematieak hemorragien kasuan, plaketak onkologiako gaixoentzat nagusiki, eta plasmak bi bide ditu: transfusioak, batetik, eta transplanteak eta erredura handiak, bestetik. Plasmarekin botikak prestatzen dira.

Nora jo:

Gasteizko Olagibel anbulatorioaren 4. solairuan dago odola emateko puntu finkoa. Gutxieneko baldintza hauek bete behar dira odola emateko: 18 urte baino gehiago izatea eta 60 urtetik behera, 50 kilo baino gehiago pisatzea, eta mediku azterketa bat pasatzea. 

Ordutegia:

• Astelehenetik ostiralera arte, 08:30etik 21:00ak arte.

• Larunbatez, 09:00etatik 14:30ak arte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide