Pinu-beldarraren izurria deklaratu du Aldundiak

Erredakzioa 2018ko eka. 28a, 11:41

Pinu-beldarrak zuhaitza ahitzen du.ALEA

Arabako Foru Aldundiak modu ofizialean deklaratu du pinu-beldarraren izurritea Araban; orain arte erabilitako tratamenduek ez dute animaliaren zabalpena gelditu.

Prozesionari izenez ezagutzen den animalia txikitxoa buruhauste handiak sortzen ari da Araban. Izan ere, azken urteetan nabarmen zabaldu da pinu-beldarra herrialde osoan, eta azkenean Aldundiak izurritea deklaratu behar izan du; 7.330 hektareatan hartuko ditu neurriak, batik bat Kantauriko eskualdean, Arabako Haranean eta Lautadan. 

Landare-osasunerako tratamenduak airetik zabalduko dira honako udalerrietan: Laudio, Aiara, Dulantzi, Amurrio, Aramaio, Arraia-Maeztu, Artziniega, Asparrena, Barrundia, Berantevilla, Bernedo, Burgu, Gasteiz, Iruña Oka, Iruraiz-Gauna, Kanpezu, Kuartango, Bastida, Lagran, Guardia, Lantaron, Oion, Okondo, Urizaharra, Erriberabeitia, Donemiliaga, Gaubea, Zalduondo eta Zanbrana. Tenperatura epelak eta Arabako hainbat mendietan dagoen pinudi-dentsitate handiak lagundu dute izurritea zabaltzen.

Pinudietako intsektuak pinu-azikulak jan eta defoliazio handiak sortzen ditu zuhaitzetan. Gainera, pertsonei eta, batez ere, txakurrei kalte egiteko aukera dago.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago