EHUko Arabako campuseko hiru fakultatetara sartu da Guardia Zibila gaur goizean, antza, ikasle mugimenduaren aurkako polizia operazio batean. 06:30ak aldera Farmazia, Gizarte Langintza eta Letren fakultateetako hainbat gela miatu dituzte, tartean, ikasleek kudeatzen dituzten "ikasle gelak", eta bertatik hainbat material hartu dute. Guardia zibilek goizeko zortziak baino lehen alde egin dute unibertsitatetik.
Operazioaren barruan, Etxarri Aranatz (Nafarroa), Zestoa (Gipuzkoa) eta Galdakaoko (Bizkaia) hiru gazte atxilotu dituzte, Gasteizko campuseko ikasle mugimenduko kideak denak. Deklarazioa egin ostean, arratsaldean aske geratu dira gazteak.
Hainbat iturriren arabera, iazko Gudari Egunean Zigor Aranbarri ETAko kide zenari egindako ekitaldi batekin lotuta dago operazioa, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak abiatu du.
Gasteizko ikasle mugimenduak elkarretaratzea deitu du, 18:30ean Andra Mari Zuriaren plazan, Atxilotuak askatu! Guardia zibila ez hemen ez inon lelopean.