Neguan hasi zen forma hartzen. Aurretik hainbat modutara diskoak kaleratu eta gero, autoekoizpenera jotzea erabaki zuten Izaki Gardenak, Montauk eta Joseba B. Lenoir taldeko kideek. Bakoitza bere lanaz arduratuta, baina elkarlanerako aukera emanez. Hala sortu dute Erro zigilua, autogestiorako bilgunea, elkarri lagundu eta babesa emateko, baina helburu komertzialik ez duena.
Hala Bedin aritutako beteranoak eta lagunak dira, eta lan batzuk elkarrekin egiteko batu dira zigilu berrian. "Ez dauka zentzurik talde bakoitzak lan bera egin behar izatea disko bat ateratzen duen bakoitzean, eta, gainera, besteekin kontatu gabe. Halakoetan, taldeak batzea laguntza ematen digu elkarri eta traba gutxi", azaldu du Jon Aranburu zigiluko koordinatzaileak.
Eszenan halako bilgune bat faltan botatzen zuela onartu du Joseba Baleztenak, musikarien artean lagundu eta proposamen berriak ekarriko dituena. Garai batean, sare sozialen loraldiaren aurretik, kontzertuetan elkartu eta kolaborazioak sortzen zirela gogoratu du: "Gaur egun bakoitza gure etxean gaude post-ak publikatzen, egiten duguna ezagutzera emateko; ez dugu elkar topo egiten lokaletan, eta kontzertuetan justu justu".
Hiru taldek osatzen dute zigilua –erro.eus– , eta horien lanak kaleratuko ditu aurten, baina, aurrera begira, beste talde batzuk ere izango dute aukera. Dagoeneko plataforma digitaletan aurki daitekeen Joseba B. Lenoirren singlearekin abiatu dira, baina Izaki Gardenak eta Montauk taldeek udazkenean kaleratuko dituzte euren diskoak; Sevillako La Mina estudioan grabatzen ari da Izaki Gardenak zortzi kanta izango dituen diskoa, eta zazpi izango dituen bigarren lana grabatzen hasi da, aste honetan bertan, Montauk.
Lehenengo aurkezpena
Bi kantuko singlea aurkeztu du Joseba B. Lenoirrek, CDan, Nico Bleach marrazkilariaren ilustrazioarekin. Australiako Spencer P. Jones-en bertsio bat (Haiek izorra nahi haute) eta Josebaren beraren kantu bat (Kantu odolustuen bluesa) ditu. Oraingoz, udan emango dituen kontzertuetan bakarrik erosi ahal izango da.