"Beldur dira eskuetan lehertuko ote zaien 'bonba' hau"

Anakoz Amenabar 2018ko eka. 22a, 10:27

Juan Martin Elexpuru / Alea

Bide judiziala alboratu eta bide zientifikoa zabaltzeko eskaria egin du berriz ere Iruña-Veleia Argitu plataformak. Datazio-teknika modernoak erabilita, auzia "behin-betiko" argitu daitekeela uste du Juan Martin Elexpuruk, eta "kearen gainean" eraikitako hainbat hipotesi bertan behera gera daitezkeela.

Arabako Aldundiak, 2008an hartutako erabaki baten bidez, ofizialki faltsutzat jo zituen aurreko urteetan Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako ostrakak –400 inguru–. Zigor espedientea ireki, eta auzibidean jarri zituen enpresako hainbat langile. Hainbeste urteren ostean, gaiak ez atzera ez aurrera jarraitzen duela salatu eta "beharrezko analisiak" egin daitezen eskatu du Juan Martin Elexpuruk (Bergara, 1950), Iruña-Veleia Argitu ekinaldiko eledunak.

Bederatzi urteko auzia, instrukzio fasean. Zergatik hainbeste denbora? 

Ez dago azalpen logikorik Euskal Herrian inoiz izan den auzi luzeena izateko. Ertzaintzak aspaldi bukatu zuen bere txostena, nahiz eta ikaragarri luzatu zuen. Arrazoiak bilatzen hasita, pentsatzen dugu boteretik auzia ahaztu eragin nahi izan dutela, ea usteltzen den eta denek antzinako gauzatzat jotzen duten; bertsio ofiziala ontzat eman eta aurrera. Beste alde batetik, uste dugu ez dakitela ondo zer egin; ez dago Eliseo Gilen edo Oscar Escribanoren kontrako inolako frogarik, ez dago epaiketa egiteko oinarririk.

Grafitoak egiazko ala faltsuak diren, zalantzaren bat baduzu?

Seguru seguru, zeruan dagoen atsoa da esaera. Ziurtasun erabatekorik dugu izango laborategiko frogak egin arte; hezurrezko piezei egindako, esate baterako, guztiz erabakigarriak dira. Karbono-14ak zehazten badu pieza horiek garai hartakoak direla, aditu batek erraz antzeman dezake mikroskopioaren bidez ildoak zaharrak ala berriak diren. Zaharrak badira, benetakoak dira.

Zer sumatu zenuen zuk piezak benetakoak direla irmoki defendatzeko?

Argazkiak eta lehenengo txostenak ikusi arte nik ez nuen iritzirik, eta 2009ko urtarrilean Interneten jarri zituztenean hasi nintzen aztertzen; "hauek faltsuak badira zein faltsifikazio arraroa", pentsatu nuen. Euskarazkoetan, esate baterako, gauza batzuk ez ziren ondo irakurtzen eta gutxiago ulertzen, nahiz eta zenbaitek esan euskara batua ematen duela. SOS Iruña-Veleiaren webgunean, Ostracabase izeneko atalean, ageri dira pieza guztiak. Haiek aztertzen denbora apur bat galtzeko gomendatuko nioke jendeari, hitz egin baino lehen. Faltsuak direla argudiatzeko ematen den arrazoietako bat ,artikulua agertzen dela, eta hori Erdi Arokoa dela. Hori ez dago inondik inora frogatuta, kearen gainean eraikitako "froga" da, frogatu gabeko beste "froga" batzuen antzera.  

EHUko hizkuntzalarien taldeko iritzia irmoa da. 

Publikoki mintzatu direnak, zenbat ezagutzen dituzu? Filologiako zenbat irakaslek argudiatu dute faltsuak direla? Ez dira lau edo bost baino gehiago izan, nik dakidala. 

Hartu-emanik izan duzue azken aldian?

Ez da izan. Oso zaila da, bata bestearen antipodetan gaudelako. Halere, badaude baietzaren alde mintzatu direnak ere, Hector Iglesias tartean, edo iaz hil zen Luis Mari Mujika...  edo Txillardegi zena. Eta Luis Silgo, Roz Frank... 

Erakundeen isiltasunak zer esan nahi du, zure ustez? 

Oso gauza bitxia gertatzen da. Benetakotasunaren alde daudenak dira froga zientifikoak egin eta auzia lehenbailehen amaitzeko eskatzen dutenak. Erakundeak isilik egon dira eta daude. Gure ustez, ez dute inondik inora garbi faltsutasuna, eta beldur dira eskuetan lehertuko ote zaien bonba hau, lehenago edo beranduago. Nola geratuko dira orduan? Nola katedratikoak eta erabakiak hartu dituzten politiko eta epaileak? Gauza oso serioa da, eta pentsatzen dut bat baino gehiago izututa dagoela gai honen aurrean; horrek esplikatuko luke boterearen isiltasuna.  

Arkeometria azterketak eskatzen dituzue.

Duela zazpi urte harremanetan jarri ginen Londresko laboratorio batekin, eta piezak nolakoak diren azalduta froga horiek egin daitezkeela esan ziguten, halakoak behin eta berriz egiten dituztela. Bestetik, indusketa kontrolatuak egitea eskatzen dugu, piezak agertu diren inguruetan; aztarnategia gutxi induskatuta dago oraindik, eta orain arte piezak agertu badira, gero ere agertuko direla pentsatzen dugu. Bestalde egundoko sarraskia egin zuen zuzendari berriak hondeamakina batez, eta harentzat ez da egon zigorrik. Hori da, benetan, ondarea kaltetzea eta ez Lurmenek egin duena. Batzordeko kideek esaten zuten Lurmenen jarduera arkeologikoa txarra izan zela, eta EHUko zuzendari bat, Julio Nuñez, izendatu zuten zuzendari berri. Zazpi kanpaina egin ditu han,  eta gaur da eguna ez dakiguna zer aurkitu duen zazpi urte hauetan. Ez dute ezer argitaratzen. Eta nor da, bide batez, gaur egungo zuzendaria IruÒa-Veleian? Noraeza erabatekoa da.

Lurmenen jarduera defendatzen duzue?

Jarduera perfekturik ez dago arkeologian, induskatzen ibili den edozeinek esango dizu hori; gauzak beti egin daitezke hobeto. Baina Eliseo Gil eta Idoia Filloy Veleiara heldu zirenerako hogei urte zeramaten lanean, eta mundu guztiak aitortuko dizu eredugarriak zirela lanean.

Ruben Cerdan ere aritu zen garai hartan Lurmenekin lanean, eta ez dio plataformak babesik ematen gaur egun. Zer gertatu da?

Hori arantza bat izan da Lurmenentzat eta Eliseo Gilentzat. Argitu behar da ez zela Lurmeneko langilea, enkargua egin zitzaion espezialista bat baizik, bere egunean Diputazioak Lurmeni aurkeztutakoa. Datazio-analisiak egin behar zituen, eta orain arte ez ditu erakutsi agiriak, ez du demostratu egin zituenik; gauza itsusia izan da, eta argumentu erraza Lurmenen kontra jotzeko. Pertsona horren berririk ez dugu joan den zortzi urtean, eta, noski, ezin diogu babesik eman. 

Horrek bertan behera uzten ditu egindako datazioak? 

Ez. Orduan ez baziren analisiak egin, egin daitezela orain. 

Nola dago egoera judiziala? 

Logikak esaten du azaro-abendurako hasiko dela epaiketa, baina batek daki, gauzak nola joan diren ikusita. Epaiketa hasi aurretik, hala ere, eskubidea du defentsak froga berriak eskatzeko, eta espero dugu epaileak ez diola uko egingo horri.  Laborategiko frogak eskatuko dira; pieza banaka batzuk analizatzea, auzipetuek ordainduta, jakina.Beste alde batetik, gogoratu behar da piezak kereila jartzailearen esku egon direla luzaroan, prezintatu gabe, lehen hiru urteetan behintzat. Epaiketa normal batean horrek auzia artxibatzea ekarriko luke berehalakoan. Zer gertatuko den? Ikusi beharko dugu.

Bien bitartean, sinadura bilketa kanpaina hasi du Iruña-Veleia Argitu plataformak? 

Bai, iritzi publikoa astintzea inportantea da auzi honetan. Gizarte zibila guztiz blokeatuta egon da, hedabideentzat gai tabua izan delako hau; eta oraindik ere tabu izaten jarraituko du, ez da erraza izango. Zenbat editorial ikusi dituzu azken bederatzi urtean gai honen inguruan? Zenbat debate irrati eta telebistan? Hala ere, itxaropentsu gaude. Sinadura garrantzitsuak jaso ditugu, jende berri asko eta kementsua sartu da borroka honetan, eta haizea alde daukagula sentitzen dugu. Korapilo hau uste baino azkarrago askatuko delakoan gaude; aletxoa jarri beharko dugu denok.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago