Euskarak Batuaren 50. urteurrenaren harira antolatu duzue jardunaldia, baina zein helbururekin?
Behineneko helburua ikastea da, ikastea eta erakustea. Ohitzen ari gara Euskara Batuarekin eta jardunaldian gogorarazi nahi genuke hizkuntzaren estandarizazioa, euskararen batasuna, gertaera itzela dela, harrigarria. Ikuspegi linguistikotik Euskal Herriak ezagutu duen fenomenorik garrantzitsuena da. Ez da helburu txikia hori ikusi araztea.
UEUk zein paper jokatu du euskara batuaren ibilbidean?
Unibertsitatearentzat, UEUrentzat ere, hizkuntza eredu estandarra ezinbestekoa da. Ez dago imajinatzerik jarduera akademikoa eta are gutxiago ikerkuntza hizkuntza eredu normalizaturik gabe. Gainera, Euskara Batua eta UEU garaikideak dira, 1968koa bat eta 1973koa bestea. Senide bereko lehengusinak izango bailiran hazi dira UEU eta Euskara Batua, bata besteari elkarri begira eta elkarrekin ikasten. UEU ezinezkoa izan zatekeen hizkuntza estandarrik gabe eta, trukean UEUk estandarizazio prozesua lagundu du euskararen hiztun elkartea eratzen, sendotzen eta zabaltzen. Artez edo moldez UEU izan da ezinbesteko erreferentzia komunitate akademiko zientifiko euskaldunean. UEU bere sorreratik bertatik lerratu zen Euskara Batuarekin, bere argitalpen eta jarduera guztiak hizkuntza estandarren ereduan egin izan ditu. Ez da gutxi.
Jose Ramon Etxebarriari omenaldia egiteko ere aprobetxatuko duzue.
Joserra etxekoa dugu. Guretzat ohorea da Joserra bezalako ueukideak izatea. Groucho Marxek esan omen zuen bera bezalako kideak onartzen zituzten erakundetan ez zela apuntatuko, nik antzera pentsatzen dut. Baina Grouchok Joserra ezagutuko balu UEUkide egingo litzateke. Joserrak bere onenak eman dizkio euskarari eta UEUri, eta ematen dizkio oraindik. Horregatik, guk eskerrak eman nahi dizkiogu, bihotzez.
Zer nabarmenduko zenuke batez ere Etxebarriaren ekarpenaz?
Nik duintasuna esango nuke, baina ez litzateke justua izango bakarrik duintasuna aipatzea, badirudi lausenguetan nabilela. Nire ustez, Jose Ramon Etxebarria irakasle / ikertzaileari zor diogu euskarazko idazkera akademiko zientifikoa. Asko gara berarekin batera eta berari esker, ikasi dugunak euskaraz idazten maila akademikoan eta zientifikoan. Oso jende gutxik esan dezake bere herriko unibertsitateko irakasleen eta ikertzaileen maisua izan dela; horietako bat da Joserra. Gu gara Jose Ramon Etxebarria Bilbaoren ikasleak eta idazterakoan bere estiloan idazten saiatzen gara.