Kulunka taldea izan zen Espainiako arte eszenikoak saritzen dituen Max sarien gaueko protagonista nagusia, Solitudes lanagatik, eta harekin batera obra zuzendu duen Iñaki Rikarte gasteiztarra. Andre y Dorine maskara-lanarekin arrakasta handia lortu eta gero, bide bera hartu du Hernaniko taldearen bigarren lanak ere; Euskal Herritik igaro ostean, irailetik aurrera, berriz ere taula gainean ikusteko aukera izango da nazioarteko hainbat antzokitan.
Antzerki lan onenarekin batera, Solitudes-erako Luis Miguel Cobok sortutako musikak ere saria izan zuen astelehen gauean Sevillan ospatu zuten antzerki jaialdian. Hitzik gabeko lanean, inkomunikazioa eta bakardadea taula gainean jarrita, paper garrantzitsua du musikak obra horretan.
Kulunka taldearekin zuzendari moduan egindako lanarekin batera, aktore onenen artean hautagaia zen Iñaki Rikarte, Fernando Bernuesek zuzendutako Soka lanagatik, baina Nacho Sanchezek eraman zuen azkenean, Iván y los perros obran egindakoagatik.
Euskal sarituen artean, bestalde, Borja Ortiz de Gondrak jaso du antzerkigile onenaren saria, Los Gondra lanarengatik, eta Ertza taldearen Meeting Point lanarentzat izan da kale ikuskizun onenaren saria.