LAB sindikatuak azaldu duenez, Miñao herrian dagoen Albertia zaharren egoitza La Saleta Care Armonea taldeak hartu du orain dela hilabete batzuk. Enpresa berriak sukaldeko lan taldea osatzen zuten lau kideetatik hiru kaleratu zituen ekainaren 11n. Egoitzak guztira 93 plaza ditu, eta hauetatik 54 Gizarte Ongizate Foru Erakundearekin itundutako oheak dira.
Kaleratuak izan diren pertsonak egoitzaz kanpoko ostalaritzako langileak dira, eta 2012. urtetik bertan lan egiten zuten. Ekainaren 1ean enpresa berriak subrogatu egin zituen, eta handik hamar egunetara kaleratu "argudio hutsalak erabiliz".
"Argi daukagu kaleratze hauen egiazko arrazoia lan baldintzen prekarizazioa dela, –esan du sindikatuak– langile berriei Egoitzetako Hitzarmen Estatala ezarriko baitzaie". Kaleratuak izan diren langileei, subrogazioa dela eta, ezin zaie Estatuko hitzarmena ezarri.
Albertia egoitzako enpresa Komiteak langileak berehala berriz lanean sartzea eskatu du, eta gaur bertan, 16:15tatik 17:00tara elkarretaratzea egingo dute egoitzako langileek.