Real Madril txapeldun

Aritz Martinez de Luna 2018ko eka. 19a, 22:45
Argazkia: ACB Photo/Arrizabalaga

Laugarren partidan 85-96 garaipena lortuta, ligako titulua Real Madrilen esku geratu da.

Partida bat baino askoz gehiago zegoen gaurkoan jokoan eta bi taldeak egoera horretaz jakitun, ez dira aurreko partidetan bezain fresko kantxaratu. Lehen minutuetan akatsak nagusitu dira eta erasoan asmatu ezinik ibili dira bi taldeak lehen minutuetan. Halere, urduritasunak gainetik kenduta, eta aulkiko jokalariak kantxaratzen hasi diren heinean, bi taldeak partidan sartzen joan dira eta goi mailako jokua ikusteko aukera egon da. Kalitatea gailendu den momentu horretan Rudy Fernandezek bere erasoko gaitasuna erakutsi du eta partida Real Madrilen alde jartzea lortu du. Mallorkako jokalariak 17 puntu lortu ditu lehen erdian zehar jokatutako hamar minutu pasatxotan.

Aldageletatik bueltan, Baskoniak partida irabazteko bere esku zegoena egin nahi izan du, baina kanporaketa osoan zehar ikusitakoaren arabera, Real Madrid egun Baskonia baina talde sendoagoa da. Partidari buelta emateko aukera bila ibili da Pedro Martinez bigarren zati osoan zehar, baina ez du bosteko aproposarekin asmatu. Pablo Lasoren mutilak ordea, partidan bete betean sartuta egon dira eta urduritasun zantzurik ez dute erakutsi.

Baskoniak bere ohiko kemena erakutsi du azken jokaldia arte, baina gaurkoan ez da nahikoa izan eta denboraldiari agur esatea beste erremediorik ez du izan.

Denboraldiko balantze positiboa

Urte hasierari zalantzaz beterik ekin zion talde gasteiztarrak eta hasierako emaitzak benetan kaxkarrak izan ziren. Pablo Prigionik taldea utzi eta gidaritza Pedro Martinezen esku geratu zenetik aldiz, taldeak bilakaera positiboa izan du urte osoan zehar. Ligan bigarren sailkatzea lortu ondoren, finalean sartu da eta Real Madrili izerdin eginarazi dio kanporaketa guztian zehar.

Europan ere, inor gutxik uste zuen lorpena eskuratu zuten gasteiztarrek playoff-erako sailkatuta. Azken batean, titulurik eskuratzea lortu ez badute ere, denboraldi ona izan da aurtengoa.

Ohikoa denez, bulegoko lana egiten hasiak izango dira Zurbaon, eta dagoeneko datorren ikasturteko taldea osatzen hasiak izango dira Kerexetaren lan-taldean. Zalantzarik gabe, udara mugitua izango da Baskoniaren bulegoetan. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide