Hezkuntza sistemen arazo larrienetako bat da segregazio sozio-ekonomikoa. Atzerriko jatorria duten familien edo baliabide eskaseko ikasleen %75ak ikasten du eskola publikoan EAEn, eta %92ra heltzen da datu hori Gasteizen. Nola bultzatu hezkuntza inklusibo bat? Zer erantzukizun dute itunpeko ikastetxeek? Zein izan daiteke elkarlanerako formula? Galdera horiei erantzun eta zubiak eraikitzeko asmoz, mahai-ingurua antolatu du Gasteizko Goian kultur elkarteak.
Armentia ikastolako lehendakari Alex Vadillo, Landazuri eskolako guraso elkarteko Roberto Sanchez, Ramon Bajo eskolako irakasle Carmen Muñoz eta Save the Children elkarteko arduradun eta Urkideko guraso Eva Silvan elkartu ditu Alde Zaharreko elkarteak. Eta bat datoz denak eskola segregazioaren arazoa aintzat hartu eta "berehalako neurriak" behar direla azpimarratzen. "Oraingo errealitatea da bi hezkuntza eredu ditugula, elkarbizitzarik ez dutenak, eta batera bizi behar dutenak", nabarmendu du Silvanek. "Badakit nire alaba dagoen zentroak ez duela kaleko errealitatea islatzen, baina ezta publikoak ere".
Iritzi berekoa da Vadillo, "errealitatetik kanpo" bizi diren ikastetxeei buruz. "Armentia ikastolak arazo bat dauka, onartu behar dugu: aniztasun falta. Egoera honek, batetik, egon nahi ez dugun leku batean jartzen gaitu, eta, bestetik, alabentzat ere hutsune bat da".
Jatorri eta kultura desberdineko haurrek "eskola aberatsagoa" egiten dutela gogoratu du Sanchezek, eta Landazuri eskolan garai batean hala bizi zutela: "Bertako eta jatorri atzerritarreko haurren kopurua erdiz erdikoa zen duela urte batzuk, eta hori oso aberasgarria da, bizitzaren ikuspegi 'errealistago bat' zuten umeek, baina azken urteetan etorkinen seme-alaben kopurua izugarri hazi da, bertakoak alde egin, guraso elkartea desegin eta inplikatuta zeuden familiak negar batean doaz eskolara".
Gasteizi erreparatuta, hiriak ikastetxeen "argazki kezkagarria" erakusten duela uste du Muñozek, ohiko bilakatu dena. "Immigrazioaren eskola dugu alde batetik, eta aukera dutenen ikastola beste alde batetik. Eskola publikoa beste liga batean ari da, nola egin lehen mailako taldeekin jokatzeko?".
Jaurlaritzari deia
Administrazioa da, mahaiko kideen arabera, auzi honetan erantzukizun handiena duena, baina ikastetxeetatik bertatik pauso garrantzitsuak eman daitezkeela uste dute. "Etxeko lana. Hala ikusten dugu guk auzia. Azken urte eta erdian, ikastola moduan pauso batzuk eman ditugula uste dut, etxeko lan bat dugu, hori nola antolatu oso ongi ez badakigu ere", azaldu du Vadillok. Armentian bezala, Urkide ikastetxean ere gaiaren inguruko kezka badela aipatu du Silvanek, eta gaia agendetan egotea bada aurrerapauso bat haren ustez. "Erronka nagusia egindako bidean atzera egitea da; eta itunpekoen eta publikoen arteko zubiak eraikitzen hasten gara ala arrakala handiagotuz joango da". Era berean, itunpekoei "arduraz jokatzea" eskatu behar zaiela uste du Silvanek: "Itunpekoen erantzukidetasun falta erabatekoa da; orain arte inork ez die ardurarik eskatu, eta bada garaia egiten dutenaren jarraipena egiteko, hezkuntza sistemaren zain egon gabe".
Jaurlaritzari eskolarizazio kuotak kentzeko galdegin diote, eta matrikulazio gardena eta zentralizatua antolatzeko. "Imajinatzen dugu osasun sailean bi motatako Osakidetza? Bata etorkinentzat eta bestea ez? Bata kontzertatua eta bestea ez? Ziurrenik ez genuke onartuko halakorik, eta hezkuntzan onartzen da", azpimarratu du Sanchezek.