20.000 ikasle baino gehiago bildu ditu antzerki programazioak

Erredakzioa 2018ko eka. 14a, 13:53
Ikasturte amaierako gala egin zuten atzo, Rezikletas proposamen akustikoarekin. / T. Paraiso

XXIV. edizioan, Entzutea izan dute ardatz Paraiso taldeak eta Udal Antzoki Sareak antolatutako egitasmoan.

Gasteizko Udal Antzoki Sareak eta Teatro Paraiso taldeak antolatutako programak, aurten ere, milaka ikasle gerturatu ditu antzerkira. Lehen, Bigarren eta Haur Hezkuntzako 22.524 ikasle igaro dira Beñat Etxepare antzokitik, 98 saio desberdinetan. 

Aurtengo kanpainak "Entzutea" izan du ardatz, herritar gazteen alfabetatze artistikoan arreta jarrita. "Arte-sorkuntzek dituzten enigmak argitu eta ikusle bakoitzarengan sortzen dituzten emozioei erreparatzea izan da helburu; publiko berrien jakin-mina eta sormena sustatzea izan da proiektu honen asmo nagusia", azaldu dute antolatzaileek. 

Antzerki kritikak

Beñat Etxepare aretoa bisitatu eta gero, ikasturte honetan milaka ikaslek helarazi dizkiete kritikak, eta horien artean Miguel de Unamuno ikastetxeko Cheg Mohamed ikaslearena nabarmendu nahi izan dute: "Nire aitak dio antzerkian aukera bakar bat dagoela. Eta arrazoi du", edota Minervak Lopezek kontatutakoa: "Beste gela batean sartu nahi nuen antzezlana berriz ikusteko". Kritika onenari saria Iban Roblesek irabazi du, eta irudi grafiko onenari saria Maider Francok.

Beñat Etxepare proiektuaren inguruan, gainera, hamaika egitasmo sortzen dira urtero, eta, aurten ere; besteak beste, Zaragozan antolatzen den antzerki jardunaldietara joateko aukera izango dute Koldo Mitxelena ikastetxeko hainbat ikaslek, eta ekainaren 19an aurkeztuko duten opera bat sortu dute Samaniego ikastetxeko haurrek. "Esperientzia hauek guztiek hazi garela esaten digute. Hazi ez bakarrik zenbakiz, baita beste eragileekin sortzen ditugun elkarrizketen kalitateari dagokionez ere", esan du Pilar Lopez Paraiso-ko arduradunak.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide