Partidan bete betean sartuta ekin diote bi taldeek finaleko lehen norgehiagokari. Joko bizia eta saskiratze errazak erdietsita markagailuan berdintasuna mantendu dute lehen hamar minutuetan zehar. Gasteiztarren artean Luca Vildoza gazteak goiz egin ditu lehen bi pertsonalak eta jokoaren erritmoa Huertasen eskuetan geratu da. 17-19 lehen laurdenaren bukaeran.
Bigarren laurdenaren hasieran bi taldeek zalantza gehiago erakutsi dute. Defentsa gogortzen saiatu dira eta erasoko jokoan ezin izan dute gehiegi asmatu. Saskiratze trukaketa horretan Real Madrileko jokalariak ez dira eroso sentitu eta Pedro Martinezen mutilak partidan sartuago egon dira (24-31, 16. Minutuan). Pedro Martizek antolatutako defentsa lanak, bere emaitzak eman ditu eta Luka Doncic izar gazteak edota Sergio Llull bezalako jokalariek ez dute erasoan duten gaitasuna erakusterik lortu. Halere, Pablo Lasok aulkiko jokalariak mugitu eta horrelako finaletan eskarmentu handia duten Felipe Reyes edota Carrol kantxan jarrita markagailuari eutsi eta aldageletara bidea berdinduta ekin diote (39-39).
Baskoniak bere jokoa eginez jarraitu du bigarren zatiko lehen minutuetan eta tartea irekitzea lortu du (43-49, 23. Minutuan). Halere defentsa lana behar bezala egiteari utzi diote tarte batez eta Real Madrilek markagailua iraultzea lortu du minutu gutxian (54-52, 27. Minutuan). Zorionez une horretan azaldu da ordurarte arte partidan gutxi agertutako Beaubois eta saskiratze ederrak lortu ditu bata-bestearen atzetik, berriz ere markagailua gasteiztarren alde jartzeko.
Azken hamar minutuak nor baino nor aritu dira bi taldeak eta saskiratzeak tartekatzen aritu dira boladaka. Bi taldeetako bakar batek ez du partida puskatzea lortu eta berdinketarekin iritsi dira azken txanpara.
Urduritasun zantzurik gabe
Final-erdian gertatu ez bezala, Baskoniako jokalariek ez dute urduritasun zantzurik erakutsi eta burua hotz mantentzea lortu dute. Sei puntuko aldearekin ekin diote azken minutuari eta Real Madrilek bi hiruko harrigarri lortu arren, jaurtiketa libreen marratik aldeari eustea lortu dute. Horrenbestez lehen garaipena lortu dute Madrilen eta horrekin batera, kantxa faktorea gasteiztarren alde geratu da.
Bigarren partida ostiralean jokatuko dute bi taldeek, berriz ere Madrilen, iluntzeko 22:15etatik aurrera.