Musiversika Unibertsitate Musikaren I. Lehiaketa antolatu du EHUko Arabako Campusak, musikari berriak aurkitzeko eta unibertsitate mailako kultur jarduera sustatzeko. Proiektuak taldeka zein banaka aurkeztu ahal izango dira. Jarri duten baldintza bakarra da gutxienez taldekide bat EHUko kide izatea: bai ikasleek, irakasleek zein zerbitzuetako langileek parte hartu ahal izango dute, beraz.
Lehiaketak bi fase izango ditu. Lehenik eta behin, lanaren grabazio bat aurkeztu beharko da, musika edozein estilokoa izanda ere. Gutxienez lau abesti propio aurkeztu beharra dago. Formatuei dagokienez, edozein motakoa onartuko dute: mp3 fitxategia edo interneteko ohiko zerbitzuetako baten lotura, esaterako. Lan horien eskubideak, noski, ezin daitezke egon hirugarren erakunde baten esku. musiversika@gmail.com helbide elektronikora bidali behar dira lanak, hilaren 25era bitartean.
Bigarren fase batean lau musika proiektu hautatuko dituzte, eta horiek zuzenean lehiatuko dira irailean, Gasteizko Unibertsitate Pabiloian prestatuko duten emanaldi batean.