Zurekin Gasteiz eta Araba Biziberritu izeneko parte-hartze prozesuen bitartez, gaur egungo egoera zein den aztertu nahi du EH Bilduk. Horren arabera, etorkizunari begirako proposamen zehatzak bildu nahi dituzte, datozen Udal eta Foru Hauteskundeei begirako programa osatzeko.
Orain arte, ehun lagunek baino gehiagok parte hartu dute hiriari buruzko hausnarketan. Azterketa hori aurrera eramateko, hainbat arlotan bereizi dute diagnosia: memoria historikoa, hirigintza, politika sozialak, kultur aniztasuna, sexu aniztasuna, hezkuntza, euskara, kultura, ingurumena, sozioekonomia, mugikortasuna, demokrazia parte-hartzailea, feminismoa, gazteria eta kirolak.
Hilaren 30ean bukatuko dute hausnarketa prozesua, Goiuri jauregian egingo duten batzar batean. Egun horretan, eta lan talde horietan ateratako ondorioen arabera, datorren ikasturteri begirako proposamen zehatzak mahai gainean jarriko dituztela iragarri dute.
"Etorkizuneko Gasteiz definitzeko" hiritarren ekarpenen garrantzia azpimarratu du alderdiko zinegotzi eta Gasteizko alkatetzarako hautagai Miren Larrionek. "Proiektu kolektiboa, hurbila eta arduratsua" eraiki nahi dutela erantsi du eledunak.
Parte hartzea ez da mugatuko hiriburura. Izan ere, Araba Biziberritu izeneko hausnarketa prozesua duela hainbat hilabete abiatu zutela azaldu dute; orain arte, hiru batzar egin dituzte horren kariaz. Laugarrena ostegunean egingo dute, Aiaraldean, landa eremuaren despopulazioa jorratzeko. Aurreikusita dute prozesua kuadrilla guztietan egitea. Horietan guztietan, tokiko garapena eta lurralde desoreka izango dituzte ardatz.
Desoreka hori arlo demografikoan, sozioekonomikoan eta zerbitzuen kudeaketan abiatzen dela nabarmendu du Kike Fernandez de Pinedo batzarkideak. Despopulatzeak batez ere Añanari, Mendialdeari eta Trebiñuri eragiten diela azaldu du. Arlo sozioekonomikoan, datu esanguratsua aipatu du: hiriburuak biltzen du Barne Produktu Gordinaren %71, eta Aiaraldeak, %11.