Zer moduz zabiltzate? Gu Argantzun ikastolako haurrak gara eta gure herrian ospatuko dugun Araba Euskaraz jaialdira gonbidatzeko idazten dizuegu.
Ba al dakizue Argantzun non dagoen? Arabarrak ez zaretenak, agian ez duzue jakingo ezta? Bada Argantzun, lagunak Arabako bihotzean kokaturik dago, Trebiñuko eskualdean, Gasteiztik 18 kilometrora. Hala ere, hemendik urrun dauden baina asko agintzen duten batzuek, gure herria Araba ez dela diote. Hori dela eta, hainbeste maite dugun euskara ikasteko traba handiak jartzen dizkigute.
2018ko Araba Euskaraz, gure ikastolan euskaraz ikasten jarraitu ahal izateko eta gure ikastola txikia handi egin eta Lehen Hezkuntzako proiektua aurrera eramateko egingo dugu. Hori guztia lortzen lagundu eta ondo pasa nahi baduzue, ekainaren 17an aukera ederra duzue.
Egun horretan zer izango den jakin nahi? Bada, adi egon, ikastolako zelaian 4-7 urte bitarteko “umeen hiria” topatuko duzue, non zortzi esperientzia-gune desberdin eta 0-2 urteko haurrentzat jolas gunea izango diren. Zuek ondo pasatzeko, ibilbidean zehar, tailerrak, ipuin kontalaria, antzerkiak… izango dituzue eta 3zpa4-k, Algara dantza taldeak eta Irrien Lagunak ikuskizun desberdinak prestatu dituzte. Libe gure aurtengo kantaren abeslaria, La Pulga eta Glaukoma taldea ere gurean izango ditugu, hazi berrien proiektuko partehartzaileekin batera. Gainera, Pirritx eta Porrotx pailazoak Bonberenea Txarangarekin kolorez eta irriz zipriztinduko dituzte Argantzungo kaleak.
Gure ikastola txiki-txikia da, 42 haur eta 7 irakasle baino ez ditu, eta, badakizue, txikia denak askotan laguntza handia behar izaten duela ezta? Zure guraso eta lagunekin egun polita igaro nahi baduzue, beraz, etor zaitezte gure ikastolari eta euskarari bultzadatxo bat ematera. Asko eskertuko dizuegu!!
Gure aldetik besterik ez lagunak. Ea ekainaren 17an elkar ikusten dugun eta gure ikastola txikia hazten laguntzen diguzuen.
Muxu erraldoia!!!
Zatozte Argantzunera!!!