Harrera-familia izateko prest dauden Arabako familiei dei egin die Aldundiak, babes gabezia larrian dauden haur eta nerabeak har ditzaten beren etxeetan.
Foru sareko etxe eta zentroetan aurkitzen diren adingabe gehienak familia harreraz baliatu daitezkeen arren, une honetan oso ezaugarri zehatzak dituzten haurrentzat behar dira harrera familiak: anaia-arreba taldeak, adimen desgaitasunagatik edo buruko gaixotasunagatik premia bereziak dituzten adingabeak, Araban Gasteiztik kanpo bizi direnak, eta 10 urte baino gehiagokoak.
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak eman du egoeraren berri, gaur goizean, Hazaldi harrera eta larrialdietarako zentrora egindako bisita batean. Bertan 12 urte arteko haurrak bizi dira, eta hiru urte arteko haur txikientzako harrera zerbitzu berezia dauka; Karitateko ahizpen kongregazioak kudeaturik, 22 plaza ditu zentro honek. Babes gabezia larrian aurkitzen diren eta, hainbat arrazoirengatik, beren gurasoekin bizitzen jarraitzerik ez duten adingabeentzat dituen etxe eta egoitza zentroetako bat da.
Une honetan, 200 bat haur eta nerabe daude Aldundiak dituen 17 etxe eta zentroetan. Familia harrerari dagokionez, momentu honetan 113 adingabe daude familia batekin bizitzen, 86 familiarekin.
Baldintzak
Era guztietako familiek har ditzakete haurrak: familiek, bikoteek eta pertsona bakarrek, ondorengorik izan ala ez. Interesa dutenek Harrera familiaren Laguntza Programarekin harremanetan jartzeko nahikoa izango dute 945 77 30 52 telefonora deitzea edo acogimiento@araba.eus posta elektronikora idaztea.
Elkarlanean jarduteko interesa duten pertsonek lehenengo eta behin prestakuntza saio batzuk egin behar dituzte, familian hartzeak zer zailtasun eta zer beharrizan dakartzan jakiteko. Balorazio prozesu bat igaro beharko dute, erabakitzeko familia abegi-familia izateak dakartzan beharrei erantzuteko gai den. Eta, prozesu horretan guztian, harreraren aurretik eta harrerak irauten duen bitartean, Familia Harreraren Programako teknikarien laguntza izango dute, eta Aldundiaren diru laguntzak.