Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen alde inoiz eginiko mobilizaziorik jendetsuenak hartuko ditu kaleak gaur, aurreikuspen guztien arabera. Eguerdiko 12:00etatik 12:30era giza kate batean Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuko dituzte milaka lagunek. Eskuz esku herritarren erabakitzeko arrazoiak plazaratuko dituzte parte-hartzaileek eta Eusko Legebiltzarraren atarira eramango dute Herritarron Ituna, arrazoi horien guztien bilduma.
100.000 lagunek baino gehiagok eman dute izena, aldez aurretik, eta egunean zehar saretzeko aukera egongo da. Izenik eman ez dutenei ere parte hartzeko deia egin diete antolatzaileek. 1.000 autobusetik gora mugituko dira jendea kilometroetara bideratzeko. 5.000 boluntario baino gehiago ariko dira antolakuntza lanetan: koordinazioan, trafikoan, autobusetan, postuetan, komunikazioan...
Aldarri anitzen topaleku izango da giza katea. Parte hartzeko deia egin dute, besteak beste, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak, Pentsionistek, gazte erakundeek, sindikatuek, eta eragile sozial eta politiko ugarik.
Arabako kilometroetan, besteak beste, Zuriñe Hidalgo (Amurrio), Joseba Azkarraga (Murgia), Pello Urizar (Zuia), Lur Albizu (Zigoitia), Bakartxo Tejeria (Gasteiz) Maddalen Iriarte (Gasteiz), Miren Larrion (Gasteiz), Gorka Urtaran (Gasteiz) eta MIkel Urdangarin (Gasteiz) izango dira.
Ordutegia:
10:00 autobusak iritsi
11:30 jendea prest
12:00 giza katea
12:15 mezua [Eusko Legebiltzarraren atarian]
12:30 amaiera
13:30 balorazioa/adierazpenak [komunikazio gunean]
13:30etatik aurrera, jai giroa hiriburuetan